Bizkaian ia 10.000 personak parte hartu dabe Ondarearen Jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 4a, 00:00

Aurten 15. aldiz, Ondarearen Europako Jardunaldiakaz bat egin dau Bizkaiak. Holan, urrian, 200 jarduera inguru antolatu ditue erakunde publikoek eta eragile kulturalek. Aurtengo gai nagusia burdina izan dan ezkero, burdinolakaz, burdinaren merkataritzeaz eta metal horregaz egindako eraikinakaz lotutako ekintzak izan dira gehienak. Bizkaiko Foru Aldundiak egin dauen kalkuluaren arabera, ia 10.000 lagunek parte hartu dabe jardunaldietan.

Zapatuan, urriak 31, amaitu zan Ondarearen Jardunaldietako programea. Foru Aldundiak bultzatu dau ekimena, ehun entidade ingururen parte-hartzeagaz: Udalek, museoek, kultura alkarteek, erakunde pribaduek eta abarrek antolatu ditue jarduerak. Herrialdeko eskualde guztietan eratu dira ekintzak, burdineagaz lotutako ondarea erakusteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, ia 10.000 personak parte hartu dabe Ondarearen Jardunaldiko ekintzetan. Danetariko jarduerak egon dira, esaterako bisitaldi gidatuak, berbaldiak, tailerrak eta erakusketak. Normalean jenteak ikusi ezin dituan lekuak bisitau ahal izan dira, La Naval ontziolea adibidez, beste enpresa askoren artean. Jarduerotara hurreratutako herritarren perfila askotarikoa izan da.

Ondarearen Europako Jardunaldiak barriro izan dira ezinbesteko hitzordu kulturala bizkaitarrentzat, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazo dauenez. Bisitaldi gidatuak izan dira, orokorrean hartuta, arrakasta handiena euki daben jarduerak aurten. Pentsetakoa danez, asteburuetako ekintzek jente gehiago erakarri dabe.

Osorik irakurri