Abenduaren 16ra bitartean, euskerazko narrazino eta olerkiak bialdu leikeez gaztetxuek. Euskaltzaindiak eta BBK Fundazinoak antolatzen dabe urtero R.M. Azkue sariketea, ume eta gazteen artean literatur zaletasuna bultzatzeko. Idazteko ohiturea gaztetatik lantzea garrantzitsua dala uste dabe antolatzaileek. Hainbat sari egongo dira kategoria bakotxean.
R.M. Azkue sariketan, 1998 eta 2005. urteen artean jaiotakoek parte hartu leikee. Kategoria bitan banatu ditue, edadearen arabera: Batetik, 2001era arte jaiotakoak eta, bestetik, 2002tik aurrerakoak. Euskaltzaindiak zehaztu dau, edozein herrialdetako gazteek parte hartu leikeela, euren herritartasuna edo bizilekua edozein dala be. Baldintzea testuak euskeraz idaztea da.
Kategoria bakotxean atal bi egongo dira, poesia eta narrazinoa hain zuzen. Gazteenen kasuan, poesiek 15 lerro euki behar ditue eta narrazinoek, folio bi. Nagusiagoen kategorian, 30 lerro eta lau folio da mugea, hurrenez hurren. Honelako lehiaketetan ohikoa izaten danez, aurkeztutako idazlanak aurretik saritu bakoak eta originalak izan beharko dabe.
Epaimahaia literaturearen alorreko adituek osotuko dabe. Euskaltzaindia arduratuko da horreen izendapenaz. BBK Fundazinoak epaimahaiko idazkariak aukeratuko ditu, baina honeek ezin izango dabe boturik emon, eretxia baino ez. Edade eta atal bakotxerako hiru sari emongo ditue, hamabi guztira. Autoreei euren lana egiten lagundu deutsen edo parte hartzera bultzatu dituen irakasle zein laguntzaileek be saritxua eukiko dabe.
Abenduaren 16ra arteko epea dago idazlanak aurkezteko. Euskaltzaindiak aurreratu dau, 2016ko zezeil aldean emongo dabela sarituen barri. Ganera, saritutako lan guztiak liburu baten argitaratuko ditue. Sariketako oinarriak, hemen.