Lodosa eta Vianako ikastolek alkarregaz antolatuko dabe 2016ko Nafarroa Oinez

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 4a, 00:00

Hartu, tenka, tira lemapean helduko da Nafarroa Oinez Lodosa eta Vianako ikastoletara 2016an. Sokatirako epaileek erabilten dituen aginduak kontuan hartuta, proiektua alkarregaz zuzentzeko helburua islatu nahi izan dabe, baita soka desbardinen batasunen ikurra: Holan sendoagoa, hausigatxa dan soka barri bat sortu nahi dogu. 2016ko urriaren 16an egingo da Vianan Nafarroa Oinez.

Edozelan be, Nafarroan bi ikastolak euskerearen aldeko jaia alkarlanean antolatzen daben lehenengo aldia izango da, Vianako Erentzun ikastoleak eta Lodosako Ibaialde ikastoleak, hain zuzen be. Euskerea hain zabalduta ez dagoan eremuan kokatzen dira biak, eta honi bueltea emateko lanean dabilz: Zonalde honetan euskerea berreskuratu eta normalizetako haziak dira bi ikastolak, azaldu dabe bart Iruñean egindako prentsaurrean.

Datorren urteko jaian batuko dan dirua bi ikastolak eregiteko hartu zan zorra ordaintzeko bideratuko da, aurrera begira eskaintza garatu eta handitzeko.

Vianako Erentzun orain dala 35 urte sortu zan, 1978an, 17 ikaslegaz. Lehenengo Nafarroa Oinez 1992an antolatu eban, eta handik hiru urtera inaugurau eben ikastolearen eraikin nagusia. 2007an barriro antolatu eben Nafarroa Oinez, eta hari esker instalazinoak handitu eta hobetzeko aukerea izan eben. Gaur egun 100 ikasle baino gehiago (Logroño, Aras, Bargota, Sansol eta Desojokoak hartzen ditu, herrikoez gan) eta 13 irakasle ditu, eta kalidadezko hezkuntzea bermatzen daben prozesuetan buru-belarri dabil.

Lodosako Ibaialde, barriz, Muskaria eta Deikaztelu ikastolek bat egitetik sortu zan 2001-2002 ikasturtean, eta Vianakoak bezela 1978an emon zituan lehen pausuak, urte haretan sortu baitzan Deikaztelu ikastolea. Bi ikastolek alkarregaz antolatu eben 2001ean Nafarroa Oinez, eta orduan egin eben bat, Ibaialde izena hartuta. Gaur egun 60 ikasletik gora eta 7 irakasle ditu. Lodosa, Sartaguda, Andosilla, Mendabia eta inguruetako beste herri batzuetako neska-mutikoak eskolaratzen ditu.

Kontuak kontu, hile honetan aurkezpen bi izango ditu Nafarroa Oinezek, lehenengoaa, zemendiaren 21ean, Lodosan, eta bigarrena, hilaren 29an Vianan.

Osorik irakurri