Jazz, funk eta soul estiloak dakarz Sorkun Rubiok bere lan barrian, pop edo reggae moduko musiken ikutuagaz. Hamar kantako bilduman, baina, zaleek aldaketea nabarituko dabe, estiloaren aldetik jauzia dakarrelako Ziklomorphosia honek. Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez lako kolaboratzaileen laguntzinoagaz, bere ahots indartsuari etekina ataraten deutso abeslari gipuzkoarrak.
Joan diran urteotan musikearen munduko jokerakaz euki dauen enpatiaren emoitzea izan leiteke Sorkunen estilo jauzia. Musika baltzak eragin nabarmena euki dau Ziklomorphosia egiteko prozesuan. Orain arte kantariak eskaini dauenaren kontra, oraingoan proposamen estilizadu bat ekarri dau.
Azkanaldion rock-aren mundutik urrunago eta musika baltzari adiago egon dala dino eta diskoan erritmo jantzagarriak sartu nahi izan dituala, letra ilunen kontrapuntu moduan. Dana dala, diskoan estilo askotako piezak dagozala dino.
Ziklotimia eta metamorfosia kontzeptuen nahasketeak emon dau Ziklomorphosia izenburua. Ziklotimia diagnostikau eutsen Sorkuni orain dala urte gitxi eta, harrezkero, metamorfosi modukoa euki dauela dino. Barru-barrutik urtendako aldaketa baten emoitzea da Ziklomorphosia, hortaz.
Sorkun ez da bakarrik egon Ziklomorphosia sortzeko orduan. Harkaitz Cano eta Eider Rodroguez idazleek lagundu deutse letrak idazten. Eider Rodriguezen lagun handia da Sorkun Rubio eta alkarregaz euki dituen lagunarteko alkarrizketak dira letra askoren oinarria. Cano, Rodriguez eta Sorkunenak dira diskoko hamar abestietatik bederatzi. Bestea, Howling Wolf-en Spoonful kantuaren egokitzapena da.
Datozan asteetarako zuzeneko emonaldi ugari daukaz lotuta dagoeneko Sorkunek. Holan, zemendiaren 26an Bilboko Kafe Antzokian egongo da eta 28an, Iruñeko Zentralen, Zea Maysegaz batera. Abenduan Donostian eta Gasteizen aurkeztuko dau Ziklomorphosia. Zazpi urte egin ditu bakarkako diskorik argitaratu barik eta, beraz, zuzeneko emonaldiei ekiteko gogotsu dagoala adierazo dau.