Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak euskeraz irakurri eta idaztera bultzatzea da lehiaketearen asmoa. Edadearen arabera, lau kategoriatan banatuko ditue parte-hartzaileak eta hiru sari egongo dira maila bakotxean. Urtarrilaren 29ra arte aurkeztu leitekez ipuinak. Bilboko Udalak antolatzen dau urtero Rafael Mikoleta sariketea eta, aurten, dagoeneko 27. ekitaldia beteko dau.
Euskeraz idatzitako ipuinak eta hareei laguntzeko irudiak aurkeztu beharko ditue parte-hartzaileek, Bilboko Udalak zehaztu dauenez. Orri bi eta lau bitarteko testuak izan beharko dabe, originalak eta aurretik argitaratu bakoak. Gaia librea da.
2016ko urtarrilaren 29ra arteko epea daukie gazteek lanak aurkezteko. Ipuin eta marrazki originalak koloretan eta kopia bat aurkeztu beharko ditue, Bilboko Udalaren Euskera Sailean. Informazino gehiago, hemen.
Oinarriak, hemen.
Bilboko ikastetxeetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago Rafael Mikoleta saria. Lau kategoria egingo ditue, edadearen eta kursoaren arabera: A kategorian, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak; B kategorian, 5. eta 6. mailakoak; C kategoria, Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailak; eta D kategorian, 3. eta 4. mailakoak. Hiru sari emongo dira kategoria bakotxeko.
Epaimahaia literaturearen eta euskalgintzearen munduko zortzi kidek osotuko dabe: Luis Gutierrez, Igone Etxebarria, Pedro Alberdi, Txani Rodriguez, Lutxo Egia, Juanra Madariaga, Irati Malasetxebarria eta Goizalde Landabasok.
Ikastetxe parte-hartzaileen modura, epaimahaiko kide guztiak bilbotarrak dira, edo behintzat urian bizi dira. Izan be, Rafael Mikoleta lehiaketearen bidez, Bilboko Udalak uriagaz lotu nahi ditu euskerea eta literaturea. Sariketearen izena Rafael Mikoleta 17. mendeko idazle eta gramatikalari bilbotarraren omenezkoa da. Bere idazkietan, antxinako Bilboko euskerea zelakoa zan ikusi leiteke.