Olaeta Balletak 'Itzulera' eta 'Jaietan' lanek osotutako programa bikotxa estreinauko dau Arriaga Antzokian

Aste honetan ezinbesteko hitzordua dogu jantzeagaz Arriaga Antzokian. Olaeta Balleten ikuskizun barriaren estreinaldia, barikuan, zemendiaren 6an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, eta hurrengo egunean, zapatuan, zemendiaren 7an, errepetiduko da, ordu berean. Taldearen proposamen barria, pieza honeek osotuko daben programa bikotxa izango da: Itzulera eta Jaietan. Bietan Kissar Ensemble orkestreak joko dau, Asier Eguskizaren zuzendaritzapean. Eta Itzulera lanean, Ius Perezek zuzendutako Ugaoko Sarea Abesbatzak be abestuko dau.

Itzulera Kirmen Uribe idazlearen jatorrizko idean oinarritzen da. Koreografia Asier Zabaletarena da eta Juan Carlos Perez arduratu da musikaz. Ganera, Josu Camara antzezleak parte hartzen dau. Itzulera obreak Andima Ibiñagabeitia euskal idazlearen azken egunak kontetan ditu. Caracasen erbesteratuta, Bilbora itzultzeko bidaia antolatzen dabil, hainbeste urte igaro eta gero. Gaixorik, hegazkinean doala amesten dau, eta leihotxotik Bizkaiko txokoak ikusten ditu: umezaroko Elantxobe, bonbek desegindako Gernika, Gorbeia inguruko baserriak eta Bilbo industriala. Eta ustezko itzulera hori Jon Mirande lagunari kontetan deutso, gutun batean. Baina gutun hori ez eban sekula idatzi, eta Andima Ibiñagabeitia ez zan inoiz bere jaioterrira itzuli. Heriotzearen aurreko amesa baino ez zan izan.

Jaietan, bere aldetik, Olaeta Balleten idea da eta koreografia Mari Carmen Muñozek eta Jone Goirizelaiak atondu dabe. Pieza honetako musikea askotarikoa da, Kepa Junkera eta Jose Luis Franco lako artista ezagunen lanak eta musika herrikoiak entzuten diralako. Oraingo honetan umeek eta gazteek osotutako balleta da eszenatoki gainera igoten dana, jaien antolakuntza eta ospakizuna irudikatzeko. Lan gogorraren ondoren etxera itzuli eta gure eguneroko betebeharrak alde batera itxiko doguz, jaiez gozetako, eta ezinbestekoa da ondo atontzea, ezer ahaztu barik. Izan be, hori da helburua: egunerokotasunetik iges egitea eta gure herriak eskaintzen deuskunaz gozetea, jente guztiaren partaidetzeagaz.


Sarrerak:

8,50 eta 25 euro artean. Salgai www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.


Olaeta Balleta Alkartea

Itzulera

- Jatorrizko idea: Kirmen Uribe.
- Antzezlea: Josu Camara.
- Musikea: Juan Carlos Pérez.
- Koreografia: Asier Zabaleta
- Orkestrea: Kissar Ensemble.
- Orkestra zuzendaria: Asier Eguskiza.
- Abesbatza: Ugaoko Sarea Abesbatza.
- Zuzendaria: Ius Pérez.


Jaietan

- Jatorrizko idea: Olaeta Balleta.
- Musikea: Kepa Junkera, José Luis Franco, musika herrikoiak.
- Koreografia: Mari Carmen Muñoz eta Jone Goirizelaia.
- Orkestrea: Kissar Ensemble.
- Orkestra zuzendaria: Asier Eguskiza.

Osorik irakurri