Cristóbal Balenciaga Museoa, Bizkaitik hurrago

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 5a, 00:00

Cristóbal Balenciaga Museoak plan turistiko-kultural bat proponiduko deutse bizkaitarrei datorren zemendirako. Balenciaga, hurrago izeneko proposamenaren helburua Getariako museoaren edukia Bilboko biztanle eta turistei hurreratzea da.

Plan horren bidez, Cristóbal Balenciagaren sorterria (Getaria) eta museoa ezagutzeko aukerea izango dabe bizkaitarrek. Horretarako, Bilbo eta Getaria lotuko dituan autobus-zerbitzu bat jarriko dau martxan museoak, eta eduki esklusiboez gozetako aukerea izango dabe erabiltzaileek. Bi plan egongo dira aukeran: tailer-bisitea familientzat edota iruzkinez lagundutako bisitea, herrian zehar.

Ekimena zemendiaren 15ean jarriko da abian eta hil horretako domeketan egin ahal izango da bidaia (zemendiaren 15ean, 22an eta 29an). Urtekerea goizeko 10:00etan izango da, Bizkaiko uriburuko Jesusen Bihotza plazan. Gidari baten laguntzinoa izango dabe bisitariek bidaia osoan, eta gidari horrek taldekideei egokitutako azalpenak eskainiko ditu, gaztelaniaz, euskeraz, ingelesez edo frantsesez.


Plan bi: tailer-bisitea familientzat edota iruzkinez lagundutako bisitea, herrian zehar

Familientzako bisita-tailerren helburua sei eta hamabi urte bitarteko umeak dituen familiei Cristóbal Balenciaga Museoko bildumea modu ludikoan eta kreatiboan erakustea da. Helduek zein umeek jarduera praktiko baten bidez izango dabe museoan ikusgai dagozan jantziak ezagutzeko eta aztertzeko aukerea. Umeek, helduen laguntzinoagaz, jantziak diseinau eta sortu ahal izango ditue; zehatz esateko, kapa bat egingo dabe, Balenciaga moda-sortzailearen jantzi kutunetako bat zalako hori.

Gidari aditu bat lagun, museoko bilduma iraunkorra izango dabe berbagai bisitaldi iruzkinduan. Balenciaga. Luxuaren esperientzia aldi baterako erakusketea ikusiko dabe bisitariek. Erakusketeak Haute Couture klasiko baten testuingururako bidaia proponiduten dau; horretarako, saloietako zirrikitu batzuk birsortu, garai hareek bizi izan zituenen testigantzak batu, eta pieza bakan batzuk erabiliko ditu.

Beste alde batetik, norberak bere kabuz bisitau ahal izango ditu museoko ganerako edukiak; esaterako, About Fashion erakusketa zabaldu barria, moda-argazkilaritzearen historiari buruzkoa, XX. mendean hainbesteko eragina izan eben Horst. P Horst, Helmut Newton, Irving Penn, Cecil Beaton eta Diane Arbus argazkilarien lan batzuk erakusten dituana.

Museoa bisitau ondoren, parte-hartzaileek Getariako alde zaharreko kaleak bisitau eta herriko arkitektura-ondare bikaina ezagutuko dabe, bisitaldi iruzkinduari esker. Ganera, Cristóbal Balenciagaren figurea bere jaioterriko historian kokatuko dabe.

Bata ala bestea aukeratu, Getarian norbere kabuz ibilteko tartea egongo da. Zemendiaren 15ean eta 29an, itzulera-ordua atzeratu egingo da, 13:30ean itzuli beharrean, 16:30ean abiatuko da autobusa Bilborantz; holan, egun horreetan parte-hartzaileek denpora libre gehiago izango dabe Getarian ibilteko eta, nahi izan ezkero, bertako gastronomia probetako.


Tarifak

- Banakako tarifa orokorra: 20 €
- Tarifa murriztua: 15 €
- Familia-tarifa 1 (Heldu 2+ gehienez be adin-txikiko 2): 45 €
- Familia-tarifa 2 (Heldu 1+ gehienez be adin-txikiko 2): 35 €


Erreserbak

Cristóbal Balenciaga Museoa

Tel. 943 00 88 40

Helbide elektronikoa: info@cristobalbalenciagamuseoa.com


Cristóbal Balenciaga Museoa


Cristóbal Balenciaga Museoa 2011ko bagilaren 7an inaugurau eben Getarian, eta moda-sortzaile bati oso-osorik eskainitako munduko lehen museo handia da. Haren helburua hauxe da: Cristóbal Balenciagak sorkuntza artistikoan oro har eta, beatez be, modearen eta goi-mailako joskintzearen munduan egindako lana ezagutarazotea eta nabarmentzea.

Museoan Cristóbal Balenciagaren nazinoarteko sormen lanen bilduma garrantzitsuena dago, bai osotzen daben piezen kopuru eta kalidadeagaitik, bai haren hedapen kronologiko handiagaitik.

Museoko espazioetan, bildumetako pieza hautatuak erakusteaz gan, modeari lotutako aldi baterako erakusketak eta hezkuntza zein aisialdiko jarduerak be eskaintzen dira.

Osorik irakurri