Xabier Zeberio: 'Disko jantzagarria da Garden'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 6a, 00:00

Garden izenburuko lana aurkeztu barri dau Alos Quartet taldeak, euren bakarkako ibilbideko hirugarrena. Urteotan alboan izan dituen zenbait lagunek parte hartu dabe lanean, besteak beste, Eñaut Elorrietak, Harkaitz Canok eta Silvia Iriondok.

Alos Quartet 1999an sortu zan, Et Incarnatus ganbara orkestrearen barruan. Egun Xabier Zeberio, Francisco Herrero, Lorena Nuñez eta Pello Ramirez musika klasiko nahiz modernoan ibilbide zabaleko musikariek osotzen dabe: Euskadiko Gazte Orkestra, Euskadiko Orkestra edota Espainiako Gazte Orkestran jo izanaz gan, Oskorrí edo Benito Lertxundiren taldekideak be badira.


1.- Diskoaren oinarria Aukeran jantza taldearen eskariz Geltokia ikuskizunerako egindako abestiak dira. Zelakoa izan da prozesua?

Bai, holan  da, diskoaren hazia Aukeran taldearen Geltokia ikuskizuna izan zan. Musikea sortzeko eskatu eustien eta Alos taldeagaz hainbat doinu grabau genduzan; ikuskizun horretatik laupabost doinu hartu eta horixe izan da bai diskoaren oinarria. Hortik aurrera, gure estetikearen inguruan beste doinu batzuk sortu doguz jantzearen esparru zabalaren estetikea oinarri hartuta, diskoa jantzagarria dala esango neuke nahiz eta doinu intimista eta iradokitzaileak be badagozan arren. 


2.- Garden izenburuak zeri egiten deutso erreferentzia, soinuaren gardentasunari, lorategian diran loreei?

Ingelesa eta euskerea hizkuntzakaz olgau eta bietan dan baina esangura desbardineko berba horregaz olgau gura izan dogu. Ingelesez lorategia eta euskeraz garbi, argi esan gura dauen berbearen ingelesaren esangura hori nabarmendu gura izan dogu gure 13 konposizinoak irudimenezko lorategi bateko beste horrenbeste lore izan daitekezalako. Gure musikearen gardentasunarena be entzun behar izan dogu eta, beraz, ederra begitandu jakun izenburua.


3.- Diskoan 13 pieza dagoz eta danetariko estiloak, garaikideak eta herrikoiak jorratu dozuez baina beti be estetika jakin baten inguruan. Zein da doinu danak josteko erabili dozuen haria?

Danetarik dago, egia da baina dana harilkatzen dauena da gure soinu edo sonoridade partikularra, Alos taldearen tinbre berezi hori. Horrek osotasuna emoten deutso diskoari eta holako bereizgarri bat lortzea erraza ez bada be, urteen porasuz lortu dogun harribitxia dalakoan gagoz.


4.- Hamasei urteko ibilbidearen ostean, lagunez eta kolaboratzailez inguratuta agertu zarie Garden izeneko diskoan, besteak beste, Eñaut Elorrieta, Harkaitz Cano eta Silvia Iriondogaz batera. Zergaitik? Ze ekarpen egin dabe?

Hamasei urteko bidean gure esentzian sano garrantzitsuak diran bi esparrutan egin dogu lan; batetik, beste artista eta musikari batzuekaz kolaborazino lan sakona egin dogu eta suberte handia izan da hori guretzako, Dulce Pontes abeslari portugaldarragaz, berbarako, sei zazpi bat urtetan ibili ginan biratan bai Portugalen zein Espainian kontzertuak emoten eta gerioago etorri ziran Kepa Junkera, Carlos Nuñez eta beste guztiak.

Oraingo Garden diskora etorrita, kolaborazinoena modu naturalean sortu zan, ze gure ibilbidean suberte handia izan dogu, lagun piloa egin dogu eta, Eñaut Elorrietagaz, berbarako, sarri kolaborau dogu Ken Zazpiren lehenengo pasuetan; Oreka TX taldeagaz be aspaldi hasi ginan kolaboretan. Lagunak gara eta lankidetza naturala izaten da guretzat, kanpotik beste irudi bat hartu daitekeen arren. Oraingora etorrita kolaborazinoek osotasun berezia emon deutsie Garden lanari, kolore eta tinbre desbardinak batu doguz eta biribildu, aberastu, osotu egin dabe diskoa.  


5.- Garden diskoak barrikuntzea dakar, izan be, ahotsak be sartu dozuez, Bidaiari ekina abestia Eñaut Elorrietak kantetan dau eta Volver, barriz, Silvia Iriondok. Zerk eraginda sartu dozuez ahotsak?

Bai. Kasu honetan be ez da aurretiaz pentsautakoa izan, holan sortu da. Gauza batzuk baneukazan pentsauta, Eñautegaz gogoa geunkan alkarregaz zeozer egiteko, normalean geuk kolaborau dogu beragaz eta orain, barriz, Eñautek berak be pozik hartu dau gure proposamena. Berbak sortzeko Harkaitz Canori esan neutson, kantua berezia, magikoa idatzi eban eta horixe da Eñauten kolaborazinoaren historia.

Silviarena oso gauza kuriosoa da. Kontua da ze Oreka TX taldearen azken diskorako alkarlanean konposatu genduzala pare bat kantu Harkaitz Martinez San Vicentek eta biok. Hortik aurrera, Orekakoak Argentinan, Mexikon eta biran izan ziran eta hor Silvia Iriondo kantariak be kolaborau eban. Jatorri euskaldunekoa da Silvia eta badirudi maitemindu egin zala nik sortu neban doinu instrumental bategaz, Oreka Tx taldearentzat egindako doinu bategaz eta inori ezer esan barik, berak bere kabuz berbak ipini eutsozan doinuari. Honen guztiaren barri Oreka TX taldeko Harkaitzek kontau eustan eta grabazinoa jaso nebanean, liluratuta geratu nintzan Silviaren ahotsagaz. Berehala pentsau genduan diskoan sartu behar genduala eta grabazino lanetan bete-betean gengozala Silvia gurean subertau eta holan sortu zan Silvia Iriondoren kolaborazinoarena. Polita da kantuek, doinuek ze buelta egiten daben, musikeak ez dauka mugarik, sentimenduak dagoz tartean eta horreek guztiaren gainetik dagoz.


6.- Biolina, kalimbea eta kontrabaxuaz gan, Nyckleharpea be jo dozu diskoan, Suediako musika tresnea. Zelako berezitasunak ditu?

Suediako erdi aroko instrumentua da, tekla bidez joten dan biolin bat da eta sonoridade berezia, magikoa dauen musika tresnea da. Laukotearen elementu bereizgarria da, tinbre oso partikularra dauka eta taldean badaroaguz urte batzuk tresna hori erabilten. Oskorrigaz be sartu neban eta Alos Quartet taldean be elementu garrantzitsu bihurtu da azken urteotan. Laukotea formazino klasikoa da, biolin bi, biola eta txeloa darabilzan taldea baina Nyckleharpeagaz pausu bat aurrera egiten dogu, nabarmen aberasten dau taldearen sonoridadea.


7.- Zeintzuk dira ia modu akustikoan jotearen abantailak eta desabantailak, baldin badagoz?

Bueno, egoerearen arabera, akustikoa edota anplifikazinoa erabilten dogu. Modu xumean baina anplifikazino horrek asko laguntzen dau ñabardurak, sonoridade desbardinak eta sortzen. Edozelan be, areto txikietan eta akustikoan be eskaintzen doguz kontzertuak eta adituen esanetan, laukote klasikoaren formazinoa perfektua ei da eta guk ez dogu kontrakoa esango, izan be, aitatu musika tresnak oso ondo buztartzen dira. 


8.- Garden diskoaren aurkezpena Gasteizen egin zenduen eta zemendiaren 6an, barriz, Tolosan joko dozue Aukeran jantza konpainiagaz eta Oreka TX taldeagaz. Durangoko Azokearen zurrinbiloan argitaratutako diskoa izanik, jenteak zelan hartu dau diskoa? Kontzertuotan zelan buztartzen dira zuon soinua, jantzak eta txalaparta doinuak?  

Bai, Gasteizen, Artium museoan aurkeztu genduan lehenengoz eta sekulako kontzertu berezia izan zan, aretoa ganezka ikusteak indar berezia emon euskun, hunkitu, emozionau egin ginan eta ikuskizuna ederra izan zan, Aukeraneko jantzariakaz eta Oreka Tx taldeagaz. Tolosan zemendiaren 6an emongo dogun kontzertuan be bardin antzeko ikuskizuna aurkeztuko dogu eta, beraz, jentearentzat oso ohikoa ez bada be, esango neuke jantzearen, gure doinuen eta txalapartearen buztarketea ederra dala, ikuskizun berezia da, musikaz gan, alde bisuala be oso indartsua dalako.

Kontzertuen harian, beste hitzordu bat be badogu, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, zezeilaren 25ean, hain zuzen be. Pozik eta ilusino handiagaz gabilz prouiektu barriagaz.


9.- Orain 16 bat urte Niko Etxartek deituta kolaborazio bat egitera Zuberoara joan zinienean sortu zan Alos Quartet. Ordutik makinatxu bat lan eta kolaborazino egin dozuez, besteak beste, Dulce Pontes, Carlos Nuñez, Kepa Junkera, Oskorri, Oreka TX, Ken Zazpi, Esne Beltza, La Buena Vida, Los Piratas, El Hombre Burbuja, Bide Ertzean eta Angel Unzugaz. Horrenbeste kolaborazinok eragiten al dau taldearen ibilbidean?

Bai, jakina. Esan izan deuskue talde kamaleonikoa garela, gaitasun handia daukagula moldatzeko egoera zein estiloetara eta beti be errespetua oinarri hartuta. Guretzako suberte handia da musikariakaz lan egiteko aukera hori, oso aberasgarria, jenteak musikea ulertzeko modu desbardinak ezagutu doguz eta hori guztia motxilan sartu eta gure ibilbidean oso garrantzitsua da, gure sorkuntzan, gure musikan eta gure nortasunean be isla dauelako, popetik, rocketik herri musikatik, jazzetik, folketik zein klasikotik edan dogu eta gure bidean jarraitzen dogu. Etiketa eta estilo guztiak gorabehera, musikea da emozionetan gaituana.


10.- Orain, barriz, Oskorriren despedidako biran be parte hartu izan dozu. Emozino edo sentimendu berezirik atzemon dozu kontzertuotan?

Bai, zelan ez. Sekula ez dot ahaztuko oskorrigaz egindako ibilbidea eta zorioneko sentiduten naz. Oskorrigaz sentimendu nahasketea daukat azken bolada honetan, batetik, poza, jazoten gagozan maitasunagaitik eta taldean egin dodazan 18 urteakaitik eta bestetik, pena, bizi erdia emon dodan eta nire bizitza musikala izan dan taldeak agur esango deuskulako laster.

Osorik irakurri