Josu Bilbao Ugalderen obrak ikusgai Rekalde aretoan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 7a, 20:00

'Barriek 2015' programearen barruan, Josu Bilbao Ugalderen (Bermeo, 1978) piezak egongo dira ikusgai Bilboko Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan, gaur hasi eta zemendiaren 29ra arte. Aijje izena emon deutso autoreak erakusketeari.

Ekimen honegaz, 'Barriek 2015' programako artisten erakusketen zikloa amaituko da. 'Barriek' Bizkaiko Foru Aldundiak urtero martxan ipinten dauen beka-egitasmoko parte-hartzaileen obrea erakusteko zikloa da. Artista gazteei bultzadea emon eta euren garapen artistikoari laguntzeko emoten ditu bekak Foru Aldundiak. Normalean, Rekalde aretoan erakusten dira artista gazte horreen obrak.

Josu Bilbao Ugalde bermeotarrak, beraz, Aijje izeneko erakusketea preparau dau 'Barriek 2015' ziklorako. Funtsean, eskulturak egiteko prozesuak, argazkigintzeak eta hizkuntzeak bat egiten dabe bertan. Hizkuntzearen eta herrietako hizkeren ganean gogoetea egiten dau Bilbaok (hortik dator Aijje berbea eta baita beste erakusketa batzuetan erabili izan dauen Sentallie be). Halandabe, autoreak berak dino, hizkuntzearen hiperdialektalizazinoak haren heriotzea dakarrela.

Artearen hizkuntzaz be gogoetea egiten dau Bilbaok Aijjen. Izan be, bere hasikeratatik garapen handia euki dau artisteak: Berak kontetan dauenez, lehenengo eskultura ariketak ondo finkatutako gorputzen ganean eregiten zituan. Baina gogoetaldi baten ostean, argazkien balioa topau eban eta eskultureak ixten dauen arrastoaz jaubetu zan. Eskultura arrastoek, euri-urez eta landaraz betetako etxekoen objektuek orden barria ekarri eben estudiora, azaldu dau.

Hortik abiautako piezak eroan ditu Bilbaok, beraz, Rekalde aretora. Zemendiaren 29ra arte egongo da erakusketea zabalik eta doban sartu leiteke.

Osorik irakurri