'Jalgi' lemapean egingo dabe 33. Herri Urrats, 2016ko maiatzaren 8an

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 6a, 00:00

Euskara, jalgi hadi plazara... Jalgi hadi mundura, Bernart Etxepare idazleak 1545. urtean idatzitako berbak dira eta orain, barriz, aldarri horri eutsi deutsie datorren urteko Herri Urrats jaiaren antolatzaileek. Jalgi lemapean, Bernart Etxepare Lizeoari pasau deutso lekukoa Ziburuko Ikastoleak. Lizeoa lekuz aldatzeko proiektua abian da eta bi urtean eraikin barrian izatea da euren amesa. Esangura horretan, 2016ko maiatzaren 8an ospatuko dabe Herri Urratsen 33. aldia, Senpereko lakuaren inguruan, urtero moduan.

Jalgi lemearei jagokonez, antolatzaileek adierazo dabenez, euskerea mundura atera daiten, euskaldunoi jagoku salto egitea, alai eta baikor, gure hizkuntza zaharrak merezidu dauelako. Logotipoan be idea bera batu dabe, Senpereko lakuak osotutako mundu baten irudiagaz, euskereak badaukalako han eta hemen bere lekua eta, beraz, euskerea mundu osora zabaltzeko herriak urratsa, pausua egitea izango dau erronka Iparraldeko ikastolen jaiak.


Nafarroako ikastolen 50. urteurrena

Urteurreneko ospakizunen egitaraua aurkeztu dabe egunotan Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Alkarteko zuzendariak eta Fermin Erbiti Ametsa egia liburuaren egileak. Gogora ekarri eben mende erdia pasau dala Iruñeko Uxue ikastoleak bidea urratu ebanetik, eta dagoeneko hamabost ikastetxek, 6.400 ikaslek, 4.200 familiak eta 600 profesionalek baino gehiagok osotzen dabela sarea.

Gauzak holan dirala, zemendiaren 24ra arte hamaika jarduera antolatu ditue pedagogia, kultura eta kirola ardatz hartuta. Bestalde, Ametsa egia izeneko liburuan batu dabe berrogeita hamar urteetako ibilbidea. Gure historia eta istorioak gogoratu nahi doguz, aberasgarria baita atzera begiratzea, nondik gatozen ikusteko eta nora joan nahi dogun hausnartzeko, azpimarratu dabe aurkezpenean.

Osorik irakurri