Etxepare Euskal Institutuak eta Paris Sorbonne IV unibersidadeak egunotan sinatu daben hitzarmenaren ondorioz, Euskal Ikasketen programea zabalduko da datorren urtean Frantziako unibersidade garrantzitsuenean.
Etxepare Institutuak badauka lehendik be Euskera eta Euskal Kulturako irakurletza bat Sorbonne Nouvelle Paris III unibersidadean, eta Paris Sorbonne IVgaz lortutako akordioak eskaintza hori osotu eta euskal ikasketak ospe aldetik leku gorenean kokatuko ditu.
Akordioaren arabera, unibersidade frantseseko irakasle titularra dan Maitane Ostolazak Matières de la Culture Basque ikasgaia emongo dau, Ikasketa Hispanikoen Departamenduan. Bestetik, SIAL (Service Interuniversitaire d'Apprentissage des Langues) izeneko zentroan euskera eskolak be eskainiko dira, Grands débutants mailan. Irakaslea, eskola horreek modu erdi presentzialean emongo dituana, Etxepare Institutuak Sorbonne Nouvelle Paris III ezagunean dagoeneko badauen irakurlea izango da.
SIAL zentroa oso esanguratsua da, Sorbona sare osoko irakasleak, ikerlariak eta ikasleak batzen ditualako. Honako zentro honeek hartzen ditu bere barruan: Paris Sorbonne IV, Université Pierre et Marie curie-Paris VI, Le Museum National d'Histoire Naturelle, Université Technologique de Compiégne eta INSEAD.
Ekitaldi instituzionalean izan dira hitzarmenaren ardurea izan daben Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria eta unibersidade alorreko arduradunaren eta Nancy Berthier, Paris Sorbonne IV-ko eben Maitane Ostolaza, Euskal Ikasketen koordinatzailea; Sorbonne Nouvelle Paris III unibersidadeko Eric Beaumatin; Jose Mari Goenaga zinema zuzendaria, Txema Muñoz Kimuak programako arduraduna, Ramon Llull Institutuko ordezkaria eta Parisko Euskal Etxeko kideak, besteak beste.
Hitzarmena sinatzeagaz batera, Institutuak eta Paris Sorbonne IV unibersidadeak euskal zinemeari buruzko kultur programa bat izan eben unibersidadean bertan, Zinema-Cinema euskal zinema zikloa izenburupean. Horren barruan Master Class bat eta bi proiekzino eskaini zituen. Txema Muñoz Kimuak programako zuzendariak eta Carlos Belmonte Sorbonne-Paris unibersidadean ikusizko arteen inguruko ikerlariak euskal zinemeari buruzko Master Class bat gidatu eben. Biharamunean 80 egunean filma emon eben Richelieu Anfiteatro ikusgarrian; emonaldiaren amaieran pelikulako Jose Mari Goenaga zuzendaria bertanz ala barriketalditxua izan zan.
Dana prest Sorbonne IV unibersidadean beraz, urte barriagaz batera Euskal Ikasketei jagoken lekua emoteko.