'Gaming' jokerea berbagai 'Erabili eizuz zeu baliobakotu barik' jardunaldien VI. edizinoan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 9a, 00:00

Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltelek antolatuta, DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ikasten daben 500 gazte inguruk parte hartuko dabe aurten Erabili eizuz zeu baliobakotu barik. Internet + Sare Sozialak izeneko jardunaldien 6. edizinoan.

Edizino honetan, batetik, gaming edo gamifikazinoa izeneko jokereak gaur egun daukan garrantzia jorratuko dabe eta, bestetik, gamifikazinoak neska-mutilentzako bihar-etzi ze lan-aukera sortarazo leiken aztertuko dabe. Jardunaldiak datorren martitzenean eta eguaztenean izango dira, hau da, zemendiaren 10ean eta 11n, hurranez hurran.

Gaming edo gamifikazinoa pil-pilean dagoan gaia dogu gaur egun. Gamifikazinoa izeneko lan-arloa jolas-teknika eta moldeak erabiltea da jolasari lotzen ez jakozan esparruetan eta, apurka-apurka, arrakasta handiz zabaltzen dago  hainbat sektoretan, besteak beste, hezkuntzan, giza baliabideetan, turismoan, medikuntzan eta, batez be, marketingean. Jardunaldi horreetan parte hartuko daben adituek jokera barriak ezagutarazoko deutseez ikasleei eta gamifikazinoa enpresa esparruan gero eta gehiago erabiltearen zergaitia azalduko deutsee.

Era berean, EU Kids Online izeneko Europako ikerketa-egitasmoaren arduradunek azken emoitzak aurkeztuko ditue gai honen inguruan: zelan moldatzen diran adin txikikoak Interneten eta zelako arriskuak hartu leikiezan sarean atzera eta aurrera ibilikeran.

Kontuak kontu, Bilboko Euskaldunan, hilaren 10ean (euskerazko jardunaldia), goizeko 10:00etatik 12:00etara, Begoñazpi ikastola (Bilbao), San Félix Ikastetxea (Ortuella), Zallako institutua (Zalla), Deustuko ikastola (Bilbao) eta Mesedetako Ama ikastetxea (Leioa) ikastegietako 300 ikasle inguruk bizipenak eta ezaupideak konpartiduko ditue honako honeekaz: Leire Armentia, Virtualware Group enpresa-taldeko Training eta Hezkuntza arloko zuzendaria eta Proiektu zuzendaria; Estefanía Jiménez, Ikus-entzunezko Komunikazinoko doktorea, UPV-EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakaslea eta EU Kids Online Spain taldeko kidea; eta Pilar Kaltzada, kazetaria eta nortasun digitalean aditua, azken hori moderatzailea izango da.

Hurrengo egunean, hilaren 11n (gaztelaniazko jardunaldia), ordu berean, Barakaldoko Salestarrak, San Pelaio ikastetxea (Ermua) eta Artagango Andre Maria ikastetxea (Bilbao) ikastegietako ikasleek ondokoen azalpenak eta gomendioak entzuteko aukerea izango dabe: Leire Armentia eta Miguel Ángel Casado, UPV-EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakasleak eta EU Kids Online Spain taldeko kideak; eurekaz batera, Iker Merodio, kazetaria eta nortasun digitalean aditua izango da moderatzailea.

Jardunaldietako saioak zuzenean ikusi ahal izango dira, streaming bidez, Sabino Arana Fundazinoaren webgunean.

Osorik irakurri