Euskerea Bizkaiko Foru Aldundiaren oinarri izatea nahi dau Lorea Bilbao Kultura diputaduak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 9a, 00:00

Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura eta Euskera Sailaren 2016ko aurrekontu proiektua aurkeztu dau Lorea Bilbao alor horretako diputaduak. 2015ean baino % 2,3 gehiago gastauko dau datorren urtean sail horrek. Igoerarik handiena, euskerearen ezagutzea eta erabilerea bultzatzeko politiketan egongo da. Bilbaok azpimarratu dau, euskerea Foru Aldundiko oinarri bihurtu nahi dauela, erakundeko sail guztien zeharkako ezaugarria.

2016an, guztira, 48,7 miloe euroko aurrekontua eukiko dau sailak. Horren barruan, euskerearen atalera 6,6 miloe bideratuko dira, kiroletara 8,1 miloe, kultureak 29 miloe hartuko ditu eta ganerako atalek 4,2 miloe.

Euskereari jagokonez, helburu zehatzak ipini ditu Lorea Bilbao kultura diputaduak, aurrekontuak aurkezteko egindako agerraldian. Hasteko eta behin, euskerea bihurtu nahi dau Foru Aldundi osoaren ezaugarri. Administrazino publikoko lan hizkuntza nagusi bihurtu nahi dau, herritarrei zerbitzua emoteko hizkuntzetako bat izateaz gan. Beste erakunde publiko batzukaz, udalak zein Jaurlaritza, alkarlan estua eukiko dauela ziurtau dau.

Bestelako helburu batzuk be badaukaz Euskera Sailak: Herritarrei erraztasunak emotea euskerea ikasi eta tituluak eskuratzeko orduan, herritarrek euskerazko arretea jasoteko daukien eskubidean sakontzea, erabilerea bultzatzea eta teknologia barrietan euskerea zabaltzen segidutea. Azkue Fundazinoan eta Alkarbiden inbersinoa handituko dau Foru Aldundiak.

Kulturearen barruko ganerako sailei jagokenez be, aurrekontuek gora egingo dabe. Esate baterako, kultura tradizionaletako federazinoei emon beharreko diru partideak gora egingo dau eta alkarte sareari babesa emoten segiduko dau Foru Aldundiak, Sendotu programearen bidez. Kirolean, eskola kiroleko ekintzak dira onuradun nagusiak.

 

Osorik irakurri