Gabriel Arestiren irudizko biografia aurkeztu dau Adur Larreak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 11a, 00:00

Euskal idazle eta poeta handiaren eguneroko bizimodua eta haren barru-barruko gogoetak batu ditu Adur Larrea marrazkilariak, Gabriel Aresti BioGrafikoa nobela grafikoan (Erroa). Arestiren alderdirik gizatiarrena erakutsi nahi izan dau, jentearen gogoan geratu dan irudi idealizaduaren ganetik. Ganera, idazlea bizi izan zaneko sasoiko egoera politiko eta soziala be agirian itxi dau.

Orain dala urtebete inguru jaso eban Larreak komiki bat egiteko proposamena, Bilboko Gabriel Aresti euskaltegitik. Gairik ez eutsien emon eta berak erabagi eban Gabriel Arestiri buruzkoa egitea, euskaltegiari izena emoten deutsan idazlea dan ezkero. Bilbon, kale bat eta institutu bat be badagoz haren izenekoak. Nobela grafikoa, ganera, alderdi didaktiko zein narratibotik aukera asko emoten dituan formatua begitandu jakon Larreari.

1933an, Gabriel Aresti jaio zanean, hasten da kontaketea. Idazlearen alderdi publikoa baino, haren egunerokoa, topau zituan zailtasunak eta bizi izan eban giroa erakutsi nahi izan ditu Larreak. Ganezka egiten eban irudimena, barruko uniberso izugarria eukan Gabriel Arestik, Larreak azaldu dauenez eta horri be heldu deutso. Eguneroko pasadizoak eta pasarte onirikoagoak, gogoetaz beteak, tartekatu ditu.

Arestiren bizipenak eta hari jazotakoak hobeto ezagutzeko, idazlearen familia eta ingurukoakaz egin dau berba Larreak. Meli Esteban alargunak eta alaba biek asko lagundu deutsela onartu dau. Holan, istorioari hurreagotik heldu ahal izan deutso. Literatura ibilbidea albo batera itxi nahi izan dau: Ni ez naz aditua literaturan, bere bizitzea kontau nahi izan dot, esan dau dau Larreak.

Giro erdaldunean hazi eta bizi izan zan Aresti, Francoren sasoiko Bilbon euskereak leku txikia eukalako. Giro hori behar dan moduan erakusteko eta, batez be, hizkuntzen arteko konfrontazinoa eta erdereak hartzen eban leku handiaren adierazgarri, euskerea eta erderea tartekatu ditu testuetan Larreak. Jatorriz erderaz izan ziran alkarrizketa asko (lanekoak, familia barrukoak eta abar) hizkuntza horretan itxi ditu.

Aresti bera be erdaldun hazi zan eta gero ikasi eban euskeraz. Horregaitik, istorioaren hasieran bere berbak erderaz dakarz Larreak eta, aurrera egin ahala, euskerara pasetan da. Hizkuntzea liburuko beste personaje bat da, adierazo dau autoreak.

Ganera, Arestiren sasoiko tensino sozialak eta politikoak ez ditu alboratu nahi izan Adur Larreak. Zentsurea, langileen burrukea eta abar topauko ditu irakurleak nobela grafikoko orrialdeetan.

Zemendiaren 19an ipiniko dabe salgai Gabriel Aresti BioGrafikoa. Ehun orrialde inguruko lana da eta bertan ikusi eta irakurri leiteke Arestiren alderdirik humanoena, sinboloaren atzean geratu dan personea.

Osorik irakurri