'Lurrak' euskal zirku garaikideko ikuskizunaren produkzinoa Bilbon hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 11a, 00:00

Zemendiaren 20ra bitartean, Lurrak zirku garaikideko ikuskizunaren produkzinorako arte egoitzaren lehenengo partea gauzatuko da Zirkozaurre gunean (Deustuko Erribera, 70). Bilboko eta Gasteizko Udalek produziduten dabe, uri bakotxeko kaleko antzerki jaialdien bitartez: Kaldearte eta Bilboko Kalealdia.

Zuzeneko musikea dauen euskal zirku garaikideko ikuskizuna izango da, eta Adrian Schavarztein clown eta zirku eta antzerki zuzendari ospetsuak zuzenduko dau. Lurrak datorren udabarrian estreinauko da kaleko bersinoan Kaldearteren barruan, eta Bilboko Kalealdiko hurrengo edizinoaren programazinoaren barruan be egongo da. 2016ko udagoienean, barriz, antzokietara helduko da.

Joan dan zezeilean, zirkuko diziplina anitzeko artistak, zirkuko teknika bat baino gehiago menperatzen dituenak, euskal soinuetan espezialista diran, musika tresna tradizionalak eta modernoak joten dituen, eta ikuskizunaren beharrak kontuan izanda musikea sortzeko eta idazteko kapaz diran musikariak behar dituan ikuskizunerako castinga egin zan Bilbon eta Gasteizen. Horren emoitzea, 5 antzezlek eta 4 musikarik osotutako taldea da.

Interpretazino taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo eta Marc Muñozek eta Nuria Puigek osotzen daben bikotea dira. Ortzi Akosta gasteiztarra Uztaietako Espainiako txapeldun izan zan lau aldiz, eta 1.500 ikuskizun baino gehiago egin ditu Cirque du Soleil ezagunagaz. Izaskun Agirresarobe mundakarrari jagokonez, 2004an hasi eban prestakuntzea zirkuaren, antzerkiaren, clownaren eta gorputz adierazpenaren eremuetan, eta egun alor horreetan ibilten da batez be.

Gaizka Chamizoren kasuan, antzerkiko antzezle, pailazo eta clowna be bada, baina bere espezialidade nagusia akrobazia da. Marc Muñoz eta Nuria Puig bikote katalanak, baskulan espezializautako bikote akrobatikoa osotzen dabe, eskutik-eskurako orekak eginez. Horrezaz gan, musika trebeziak be baditue, klarinetea, saxofoia, kontzertina eta zerrotea joten baititue.

Musikariei jagokenez, Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek, Unai Laso Santurtziko trikitilariak eta Roberto Castro, hori be santurtziarra, eta alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera edo tarrañuelak joten dituanak, osotzen dabe taldea.

Ikuskizunaren zuzendaria, barriz, Adrian Schvarzstein clowna, antzezlea, zirkuko eta antzerkiko zuzendaria, pailazo-showman energetikoa da, eta 1989tik dabil antzerkiaren munduan. Commedia Dell'Arten ikasi eban Italian Antonio Favagaz, baina Europa osoan egin ditu ikasketak antzerkiaren alorrean. Kaleko hainbat antzerki konpainiatan egin dau lan, eta ikus-antzerkia, operea, musika barrokoa zein publizidadea be jorratu ditu.

Oraindino biran jarraitzen dauen Klezmer zirku ikuskizunaren bultzatzaile nagusia da, eta Belgikako Ronaldo zirkuan ibili da Fili-gaz eta Brick a Barack-egaz. Bakarka egin eban lehenengo sorkuntza lana Greenman izan zan, eta haren ondoren The bed, antzezle onenaren saria Haifako jaialdian 1998an eta Dans, protagonista nagusiak ikus-entzuleak diran kaleko ikuskizuna, etorri ziran. Kamchatka taldea sortu eta zuzentzen dau.

Osorik irakurri