Tronboiaren soinutik abiauta, musikan zeharreko bidaiea proponiduten dau Alberto Urretxok bere lehenengo bakarkako diskoan. Musikea joten hasi zanetik pilotu dituan esperientziak eta sentimenduak konpositore handien doinuen bidez erakutsi nahi ditu Soinuaren bidaian (Bapo Bapo). Bartok, Persichetti, Debussy eta beste askoren piezak entzun leitekez. Diskoa aurkezteko zuzeneko kontzertua emongo dau zapatuan, hilak 14, Sopelan.
Ikasten hasi nintzanetik gaur arte euki dodan esperientzia erakutsi nahi izan dot diskoan, azaldu dau Alberto Urretxok. Izan be, bakarka lehenengo diskoa dauen arren, ibilbide luzea egin dau musikearen munduan. Bilboko Orkestra Sinfonikoan dabil, besteak beste. Juan Carlos Perez eta Hilario Extremianaren pieza batzuetatik abiau zan diskoaren proiektua. Gero, Adriana Grigoras emaztearen laguntzinoagaz, tronboiagaz joteko moldatzen hasi zan gogoko dituan hainbat pieza.
Soinuaren bidaia hiru zatitan banatu dau Alberto Urretxok. Inspirazino bat edo sentidu dodan zeozer dauka zati bakotxak, dino musikariak. Holan, lehenengo partean, musikearen munduan hasi zaneko sensazinoak dira protagonista, pieza gero eta gatxagoak joten hasi zanekoa. Aldi horren adierazgarri, Vincent Persichettiren piezak dira.
Bigarren zatian, bizitzan zehar bizi izan dituan jazoerak dira oinarria, gauza onak eta txarrak. Emozino handiko partea da eta, besteak beste, amari eskaintzen deutso pieza bat. Amaitzeko, hirugarren atalean, gaur eguneko egoeraz dihartu Urretxok. Hurragoko musikea da eta euskal doinuei protagonismo handiagoa emon deutse, esaterako txistua sartuta.
Diskoko hiru zatietako bakotxa Bela Bartok konpositore ezagunaren pieza bategaz hasi dau Urretxok. Etapa bakotxari hasierea emoteko erabili dodaz, azaldu dau. Biolarako eta tronboirako moldatutako piezak dira, fusio berezia da hori duda barik, oso ohikoa ez dana. Ganerako piezak aukeratzeko, bere unean uneko sentimenduak ondoen transmitiduten dituen konpositoreen lanei begiratu deutse. Atea zabalik itxi nahi dau proiektuari zati edo disko gehiago gehitzeko.
Diskoa inspirazino iturri izatea nahi dau Alberto Urretxok, batez be ume eta gazteentzat. Gure familian ez egoan musikarako tradizinorik eta, halandabe, musikan ibilbidea egin ahal izan dot, horregaitik erakutsi nahi dot nahi dauenak aukerea daukala musikan bere bidea topetako. Bere tronboiagaz batera beste instrumentu batzuk joteko diskoan kolaborau daben artisten kalidadea be nabarmendu dau eta oso disko entzungarria dala ganeratu dau.
Soinuaren bidaiagaz batera, film labur bat produziduten ibili da Alberto Urretxo. Diskoa eta filma proiektu beraren alderdi bi dirala dino. Holan, diskoko pieza batzuk entzun leitekez Polentzi Garciak zuzendutako Serenata de Polentzi pelikulan. Ikusentzule bako obra bateko antzezle eta musikariak dira film labur horretako protagonistak.
Zapatuan, hilak 14, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean joko ditu diskoko piezak Alberto Urretxok. Ganera, saio horretan Serenata de Polentzi filma aurkeztuko dabe. Urretxok dino jenteagaz konpartidu nahi dauela bere musikea eta, beraz, zuzeneko emonaldi gehiago egingo dituala aurreratu dau.