Bizkaiko Bertsozale alkarteak bultzatuta, martxan dago Zortzi puntutan ekimena Bizkaiko zortzi eskualdeetan: eskualde bakotxak bere neurrira diseinautako jaiak.
Bizkaiko eskualdeetako talde antolatzaileek euren neurrirako jaiak antolatuko ditue aurtengo ikasturtean Bizkaian. Zemendian hasiko dira goiztiarrenak, eta maiatzera bitartean, eskualde guztiek antolatuko dabe jaia.
Antolakuntza eta formatua eskualdeen esku geratuko da, hau da, eskualdeek erabagiko dabe euren etxerako zein dan formaturik egokiena eta horren arabera diseinauko dabe eskualdeko eguna: batzuk txapelketak antolatuko ditue; besteek, girotze saioak.
Ekimenaren helburua eskualdea girotzea eta bertsogintzearen oinarria sendotzea da. Txapelketara joango ez diranentzako bestelako plaza bat izango da, eta joango diranentzako entrenamendu aproposa. Ez da Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango.
Kontuak kontu, Busturialdea izango da lehenengoa eta horreen kasuan Busturialdeko Bertsolari Txapelketea antolatu dabe. Datorren barikuan, zemendiaren 13an hasiko da, Gernikako Harizpe Kultur Alkartean. Bertsolariak: Julen Erezuma, Julen Karrion, Beñat Bilbao, Ibon Ajuriagojeaskoa, Lurdes Ondaro eta Ander Elortegi.
Bigarren kanporaketea zemendiaren 20an izango da, Belendizen. Bertsolariak: Mikel Retolaza, Onintza Enbeita, Eneko Aldana, Unai Agirre, Aitor Etxebarriazarraga eta Julen Ibarguengoitia.
Hirugarrena, barriz, zemendiaren 27an, Errigoitin, jokatuko da. Bertsolariak: Jon Arano, Koldo Gezuraga, Asier Galarza, Koldo Muniz, Ibai Amillategi eta Gurutz Uruburu.
Finala abenduaren 12an izango da, Gernikako Astran.