40 urte bete barri dituen persona bi dira obrako protagonistak, aktore biak be edade horretara ailegau dira eta. Komedia formatuan, bizitakoaren nostalgia eta aurrera begirako zalantzak azaleratzen dira Adarretatik zintzilik antzezlanean. Gaur, barikua, estreinauko da, Beran, Giltxikaro konpainiaren produkzino barria.
Adarretatik zintzilik, Ane Zabala eta Galder Perezen esanetan, euskal komedia nostalgikoa da. Aktore eta obrearen bultzatzaile biek alkar ezagutzen dabe umetatik eta urte asko daroez alkarregaz proiektuak aurrera ataraten: Lehenengo irratian eta gero, antzerkigintzan. 1975ean jaio ziranez, 40 urtera heldu dira aurten eta horrek antzezlan hau egitera bultzatu ditu. Publikoagandik hurre egongo dira Adarretatik zintziliken, eurek gogoko daben moduan. Baina oraingoan, euren sentipenak sekula baino agirikoagoak izango dira.
Antzezlanaren argumentuaren laburpenak dinoanez, 40 urtera heldu diran lagun bi krisian sartu dira: Senar-emazterik ez, seme-alabarik ez, autorik ez, hipotekarik ez... mundu honetakoak dira ala adarretatik zintzilik bizi dira? Nostalgiatik eregitako komedia da, hortaz, Adarretatik zintzilik, antzezlan autobiografikoa.
Giltxikaro izenpean, alkarregaz antzezlan ugari egindakoak dira Galder Perez eta Ane Zabala. Oraingo honetan, Leo Bilbaoren ardurea izan da espazio eszenikoa, Dijey Fufu arduratu da musikaz eta Ylenia Bagliettoren laguntzinoa be euki dabe, besteak beste. Hori bai, oholtzan Zabala eta Perez izango dira protagonista nagusi eta bakar.
Nafarroan, Beran, izango da estreinaldia, gaur, barikua (22:00). Hilaren 20an Ugaon egongo da Adarretatik zintzilik eta abenduaren 4an, Lesakan.