Punk mobimentuaren historia izango da ardatz Artium Museoan eskainiko daben dokumental-moltsoan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 13a, 00:00

Artium, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak lau pelikula dokumentalen moltso bat aurkeztu dau, punk mobimentuak, 70. hamarkadearen amaieran, eztanda egin eta gailurrean egon zan garaiko zenbait alderdi aztertzeko, eta erakusteko badauela oraindino eraginik Pussy Riot-ena lako fenomenoetan. David G. Torresek, erakusketearen komisarioak, hautatu dituan dokumentalak ondokoak dira: Joe Strummer. The Future Is Unwritten, The Filth and the Fury, Punk Attitude eta Pussy Riot. Dokumentaletan musika-mobimentuaren protagonista nagusiak agertuko dira, hori ahalbidetu eban gizarte-giroa eta gaur egun oraindino be dauen eragina, nahiz musikearen esparruan, nahiz kulturan eta politikan. Pelikulak zemendiko bi astegoienetan proiektauko dira: 14-15ekoan eta 21-22koan. Eulen Taldeak babesten ditu Artiumeko zinema-programak.

PUNKzinema zapatuan hasiko da, zemendiaren 14an, Joe Strummer. The Future Is Unwritten filmaren proiekzinoagaz. Julien Temple-k zuzendutako dokumental honetan The Clash taldearen sortzaile eta liderraren bizia eta lana erakusten dira. Ha izan zan Britainia Handiko punkaren eztandako talde ospetsuena, eta azken hamarraldietako musikan eragin handienetakoa izan dauena. Epaimahaiaren sarirako izentaua 2007ko Sundanceko Jaialdian, eta urte bereko britainiar dokumental onena legez hautatua, pelikulan artxiboko irudiak eta zinemearen (Steve Buscemi, Martin Scorsese, Johnny Depp), musikearen (Mick Jagger, Mick Jones, Bono) eta artearen (Damien Hirst) munduko persona ezagunei egindako alkarrizketak nahasten dira.
 
Julien Temple domekan itzuliko da pantailara, hilaren 15ean, oraingo honetan The Filth and the Fury-gaz, punk britainiarreko talde ikonikoenari buruzkoa: Sex Pistols. Izatez, Templek taldeari buruz egindako bigarren pelikulea da; lehenengoari (The Great Rock 'n' Roll Swindle, 1980) leporatu jakon taldearen managerra izan zan Malcolm McLaren-en ikuspegi desitxuratua emotea. Bizirik jarraitzen daben kideak izan dira bigarrenaren ardatza, eta Sex Pistols taldearen igoerea eta gainbeherea erakusten ditu 70eko Britainia Handiko testuinguru sozial eta politikoan. Telebista programa baten agertu ondoren egunkari batek eskaini eutsen izenburutik dator pelikulearen izena, eta ha, barriz, William Faulkner-en nobela baten izenetik: The Filth and the Fury.

PunkZinema sailaren bigarren astegoiena zemendiaren 21ean hasiko da, zapatuan, Don Letts-ek 2005ean zuzendutako Punk Attitude dokumentalagaz. Pelikulan punkaren iraultzea aztertzen da, 70etan sortu zanetik gaur egungo gizartean eta kulturan oraindino be atzemoten diran eraginetaraino. Punk Attitude-k hari kronologiko bati jarraitzen deutso, talde eta irudi aitagarrienei atentzinoa jarriz: punkaren iragarle izan ziran artista eta generoetatik hasi (MC5 edota Velvet Underground), protagonista zuzenakaz jarraitu (The Ramones, The Stooges, Sex Pistols, The Clash), eta egungo musikan igarri daitekezan arrastoetaraino.

Zikloa Pussy Riot: A Punk Prayer-egaz amaituko da, Mike Lerner-en eta Maxim Pozdorovkin-en Pussy Riot errusiar punk talde feministearen ganeko filmagaz. Zenbait kide kartzelaratu egin zituen Moskuko katedralean performance bat, punk errezua izenekoa, egiteagaitik. Zigorra ezartzean erlijinozko gorrotoa leporatu eutsien. 2013an estreinautako pelikula hau egiteko alkarrizketak, taldearen ekintzen irudiak eta epaiketa-saioen grabazino-zatiak erabili dira.

PunkZinemaren proiekzino guztiak 19:30ean hasiko dira Artiumeko Emonaldi aretoan. Sarrera bakotxakk bi euro balio ditu, eta ziklo osorako txartelak, sei. Artiumen Adiskideentzat sarrerea dobakoa da. Pelikula guztiak jatorrizko bersinoan proiektauko dira, bi ingelesezko azpitituluakaz (The Filth and the Fury eta Punk Attitude), eta beste bi gaztelaniazkoakaz (Joe Strummer eta Pussy Riot).


PunkZinemaren egitaraua:

- Zemendiaren 14an, Joe Strummer. The Future Is Unwritten. Julien Temple, 2007. Jatorrizko bersinoan eta gaztelaniazko azpitituluakaz.

- Zemendiaren 15ean, The Filth and the Fury. Julien Temple, 2000. Jatorrizko bersinoan eta ingelesezko azpitituluakaz.

- Zemendiaren 21ean, Punk Attitude. Don Letts, 2005. Jatorrizko bersinoan eta ingelesezko azpitituluakaz.

- Zemendiaren 22an, Pussy Riot. A Punk Prayer. Mike Lerner eta Maxim Pozdorovkin, 2013. Jatorrizko bersinoan eta gaztelaniazko azpitituluakaz.

Osorik irakurri