'Ur goiena, ur barrena' diskoa plazaratu dau Olatz Zugastik

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 13a, 00:00

Ez da disko asko atara zalea Olatz Zugasti. Horregaitik, proiektu bakotxa mamitsua eta ondo jagondakoa izaten da. Oraingo honetan, Ur goiena, ur barrena diskoan (Elkar), bizitzeari eta ingurukoari buruzko gogoetea dakar Zugastik, harpa doinuak lagun. Beragaz batera, lau musikari gazte ibili dira diskoa grabetan eta zemendiaren 21ean, Bilbon, hasiko dabe zuzeneko birea.

Ur goiena, ur barrena, diskoaren izenburua, Nafarroako Urdiain herriko kanta tradizional baten oinarrituta dago. R.M. Azkuek batu eban eta Zugastik aspalditik ezagutzen dau Urte Zahar gaueko ohiturakaz lotutako doinu hori. Oso irudi politak agiri dira kanta horretan, gure imajinarioaren zati diranak eta diskoaren izenburu izateko aproposa begitandu jatan, azaldu dau Zugastik. Disko barriko 13 kantetatik, horixe da Zugastik sortu ez dauen bakarra.

Ganerako abestiei jagokenez, baten Pako Aristiren poema bateko berbak erabili ditu eta, beste bitan, melodiak hartu deutsaz Brendan Graham irlandarrari. Olatz Zugastiren bosgarren diskoan, aurrekoetan legez, harpea da tresna nagusia eta, holan, ikutu zeltak daukaz Ur goiena, ur barrenak.

Letretako gaiei jagokenez, gogoetarako eta pentsetan dauena esateko tartea hartu dau Olatz Zugastik: Letrak idazteko orduan, nire kezka nagusiak izan dira, batetik bizitzea bera eta, bestetik, gure herriak hartu behar dauen posizionamendua. Euskal Herriaren moduko herriek hartu beharko leukeen jarrereagaz hausnarketea egin dau kanta pare baten eta esandakoagaz gustura geratu dala esan dau.

Orain dala urte bi edo gehiago hasi zan diskorako lehenengo moldaketak egiten eta letra batzuk idazten. Bakarka ekin eutsan zeregin horri, etxean. Diskoa grabetan, baina, lau musikari egon dira Zugastiren harpa doinuen eta ahotsaren alboan: Julen Alonso (eskusoinua eta tekladuak), Ander Ederra (gitarra akustikoa), Joanes Ederra (baxua) eta David Gorospe (bateria). Lantalde gaztea da.

Aurreko diskoetan, zuzeneko emonaldi gitxi batzuk baino ez zituan egin, ez dauka zuzenean joteko ohiturarik, bakarka behintzat. Oraingoan, baina, zuzeneko birea egingo dau diskoa aurkezteko eta gogotsu dago. Bilboko Campos antzokian joko dau zemendiaren 21ean eta, 22an, Markinako Karmen eleizan izango da. Donostiako Victoria Eugenia da hurrengo hitzordua, 29an, abenduan Durango, Baiona eta Hernani jaioterria bisitau baino lehen. Diskoan beragaz egon diran lau musikariek zuzenean be lagunduko deutsie.

Osorik irakurri