Patxi Saez soziolinguistea eta Azpeitiko Udaleko Euskararen Patronatuko zuzendaria da. Hileotan gogoeta sakona egin dau euskerearen etorkizunaren ganean eta ataratako ondorioak Elefantea ikusi izenburuko artikuluan batu ditu. Euskerearen errekuperazinoa geldiunean dagoala ikusita, beste mugarri bat behar dala uste dau Saezek, aurrera begirako plangintza barria. Lan mundua benetan euskalduntzeari ekitea preminazkoa dala dino, hizkuntzearen estatusa handitze aldera. Euskaltzaindiari prozesu barri horren gidaritzea hartzeko eskatu deutso eta dagoeneko egin ditu batzarrak Akademiako arduradunakaz. Ganera, artikuluak zeresana sortu dau euskalgintzan eta aditu askok ekarpenak egin deutsez Saezen proposamenari.
1.- Gogoeta mamitsua plazaratu dozu, zerk bultzatu zaitu hausnarketa sakon hori egin eta gizarteratzera?
Gaixotasun baten barri emon eusten eta neure burua bidegurutze baten topau neban. Halakoetan atzera begira eta aurrera begira jarten zara eta garrantzitsuena zer dan jakin nahi izaten dozu. Orduan, jaubetu nintzan euskerea be bidegurutze baten dagoala eta baneukala zer esana. Eguneroko lanean txindurrien modukoak gara, txikiak gara eta geure esparrutxoan jarduten dogu eta gitxitan altzetan dogu burua gora begiratzeko. Aurrera begiratu neban eta esan neban, zer da euskerearentzako garrantzitsuena? Gogoeta haretatik etorri da artikulua eta horrek eragin dauen guztia.
2.- Euskerea bidegurutze baten dagoala dinozu. Zergatik uste dozu hori?
Orain arte, 50 urteotan ibilbide bat egon da, aurreko mugarria euskera batua izan zan. Harrezkero 50 urte pasau dira eta bide bat egin da. Bide horretan, euskerearen batasunagaz batera, euskerazko irakaskuntzea sortu zan eta hortik euskaldunen belaunaldi barri bat sortu da. Aurretik ahoz ahoko katean ikasten zan euskerea eta gaur egun, ostera, ez holan bakarrik, eskolearen bitartez be euskaldun osoak sortzen dira. Belaunaldi horrek ibilbide bat egin dau eta lan mundura be heldu da. Gizartean, baina, euskerea bigarren hizkuntza bihurtu da, askok bigarren hizkuntzatzat erabilten dabe. Hor badago bidegurutze bat, belaunaldi barri horrek zer egingo dauen aurrerantzean ikasi dauen hizkuntzeagaz: Transmitiduko dan lehenengo moduan ala bigarren hizkuntza moduan geratuko dan.
3.- Aurrera begira, zuk lan mundura begiratu dozu, batez be euskereak gizartean daukan estatusa edo prestigioa lortu behar dauelako, ezta?
Bai, azken baten, ezagutza maila bat lortu dogu, euskereak badauka zabalkundea. Baina estatusean eta erabileran ez. Garbi dago orain arte hezkuntza arlora begiratu dogula, gazteei begiratu deutsegu eta hor jarri doguz indar guztiak. Baina beharbada ez gara jaubetu helduaroko jarduera nagusia lan munduan dagoala, gure bizitzako 40-45 urte hor pasetan doguz. Gazteak euskalduntzen egiten dan ahaleginak ez dauka jarrapeinik helduaroan. Lan munduak erabat erderaz funtzionetan dauenez, eskolatik datozan gazteen euskalduntasuna galdu edo kamustu egiten da.
4.- Zuk egindako proposamenak bardinak izan beharko litzatekez eremu oso euskaldunetan zein erdaldunagoetan?
Proposamena zabala da. Euskerearen aurrerabidea gurpil biren ganean ardaztuta ikusten dot: Batetik, euskal eskola eta, bestetik, lan mundua. Esparru gehiago be badagoz, astialdia edo komunikabideak adibidez. Baina nik uste dot hezkuntzea eta lan mundua sendotu behar doguzala. Bien arteko harremana landu egin behar da eta nik uste dot orain dala unea horri heltzeko.
5.- Gogoetea plazaratu zenduanetik, euskalgintzearen inguruko jente ezagun askok erantzun sakonak eta ondo landuak bialdu deutsuz. Zuretzat oihartzun hori jaso izana poztekoa izango da, ezta?
Nik artikulua idatzi nebanean, aurrera begirako kezka hori baegoala banekian eta horri hauspoa emon nahi izan neutsan, eta gizarteratu. Egia da jenteak erantzun dauela benetako kezkea dagoalako eta artikulua izan da euskarria ondorengo pausu bat egiteko. Nire ustez euskerearentzat momentu historikoa da. Liderrak eta estrategiak behar ditu euskereak orain. Bide bat egin dogu, baina lausoaldi estrategiko baten gagoz. Gure aurrekoek euki eben intuizinoa, euskalgintzan pausuak emoteko, hori faltau da. Oraingo belaunaldiak ez daki nondik jo oso ondo eta nik proposamen bat egin nahi izan dot, 'begira, hamendik jo geinke' esan. Nik bide hori irudikatu egin dot, baina nahiko neuke baten batek gidaritzea hartzea, estrategien prozesua bideratzea. Bide orria behar dogu datozan 30-50 urteetarako. Euskaltzaindiari egin deutsat horretarako eskaria.
6.- Euskalgintzan aurretik be ohartarazo izan da euskerearen errekuperazinoan geldialdia dagoala, baina gizartean kezka hori badagoala uste dozu? Kaleko euskalduna jaubetu da horretaz?
Egia da artikulua euskalgintzara bideratu dodala, baina pasau jat euskalgintzatik aparte dagozanek be irakurtea eta eretxia emotea. Iruditzen jake lan munduarena ezkutuan dagoan elefantea dala, baina era berean begibistan dagoana. Jente arruntari hori pasau jako artikulua irakurtean, konturatu dira hor badagoala arazo potolo bat, euskereak badaukala ganoraz heldu ez jakon eremu bat.
7.- Euskaltzaindiari eskatu deutsazu estrategia barriaren gidaritzea hartzeko. Zergatik uste dozu Euskaltzaindia dala horretarako erakunde egokiena?
Euskaltzaindia beti izan da oso erakunde garrantzitsua, euskerearen erakunde nagusia da. Lehenago be, herri ekimenak Euskaltzaindiaren babesean lan egin izan dau. Esaterako, lehenengo ikastolak sortu ziranean han egoan Euskaltzaindia, baita alfabetatatzeko lehenengo gau-eskolak sortu ziranean be. Euskaltzaindia beti hor egon da. Azkanengo 50 urteotan korpusean egin dau ahalegin handiagoa, baina nik egin deutsadan proposamena da, badala sasoia beste lan ildo bat edegiteko. Estatusari begirako plangintzea egiteko unea dala uste dot eta Euskaltzaindiak hartu beharko leuke gidaritzea, gizartean autoridadea daukalako, gizarteak aintzat hartzen dauelako Euskaltzaindiak dinoana.
8.- Dagoeneko batzarren bat egin dozu Euskaltzaindiagaz, Andres Urrutia euskaltzainburuagaz hain zuzen. Zer landu dozue batzar horretan?
Irailean batu nintzan beragaz eta oso hurreko personea dala esan behar dot, oso eskuragarria. Batzarra egiteko deia berak egin eban ia-ia. Nire proposamenagaz ados agertu zan batzarrean, Euskaltzaindiaren barruan bideratu beharreko gaia zala onartu eban. Gero, zuzendaritzeak nire proposamena aztertu eta gai garrantzitsutzat jo eban. Sustapen Batzordera eroango ebela esan eusten, prozedurea hori ei da. Ez dakit ze bide egingo dauen baina behintzat Andresek emondako berbea bete dau eta erakundearen barruan hau guztia martxan ipini dau. Ni pozik nago.
9.- Datozan urteetan estrategia hori edo antzekoren bat teoriatik praktikara pasauko balitz, zer izango litzateke preminazkoena, berehala ekiteko moduko arloa?
Nire ustez prozesua litzateke Euskaltzaindiak orain dala 50 urte, 1968an, Arantzazuko biltzarrean egin ebanaren modukoa. Orduan, euskerearen batasuna erabagi zan. Harrezkero ia 50 urte joan dira eta, ganera, Euskaltzaindiak 100 urte beteko ditu laster. Nire planteamendua da, mendeurren horretan beste biltzar bat egitea. Aurrekoa euskera batuarena izan zan moduan, ondorengo hau euskerearen estatusarena edo erabilerearena izango litzateke. Biltzarrera joan aurretik, aurrelan batzuk egin beharko dira: orain arteko bidea aztertu eta azterketa horretatik ondorengo urteetarako planteamenduak ataratea. Horretarako, Euskaltzaindiak badaukaz baliabideak, batzordeak-eta.
10.- Euskaltzaindiaz gan, ganerako erakunde publikoak parte hartzeko prest ikusten dozuz?
Hori zientzia fikzinoa egitea litzateke, aurrera begira inork ez dakialako zer jazoko dan. Baina 50 urte atzera eginaz, ikastolak sortzen hasi ziran sasoi haretan, gure gurasoek ilusinoa euken, baina ez eben imaginau be egingo nora helduko zan eurek hasitako lana. Nik ez dakit nire intuizino txiki hau noraino helduko dan, ze bide egingo dauen, baina ilusinoa behintzat badago euskalzaleen artean holako gai bati heltzeko. Askotan, gaia mahai ganean ipinten danean eta jentea prest agertzen danean lanerako, orduantxe sortzen da dinamika berezi bat eta jenteak bere onena emoten dau.