27. Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketea astegoienean amaitu da, eta irabazleak ondokoak izan dira: Malachi Estereo, elektronika eta bestelako jokerak modalidadean; The Flying Scarecrow, metal modalidadean; eta, azkenik, Opatov, pop rock estiloan.
Sariei jagokenez, Malachi Estereo talde katalanak 2.200 euroko saria jaso dau; Metal modalidadean, barriz, The Flying Scarecrow bizkaitarrak nagusitu dira (5.500 euro eta Azkena jaialdian joteko aukerea irabazi ditue); bigarrenak, Poloniako Manipulation izan dira (2.500 euro), eta hirugarrenak Etxebarriko Niketz (1.200 euro).
Pop eta rock kategoriako finala, zapatuan izan zan eta sari nagusia Bartzelonako Opatov taldeak eroan eban (5.500 euro); bigarren sailkatua Alacanteko Rosy Finch taldea izan zan (2.500 euro) eta hirugarrena, Zaragozako The Fire Tornados (1.200 euro).
Beste alde batetik, Bilboko Mud Candies taldeak epaimahaiaren sari berezia jaso eban.
Kontuak kontu, antolatzaileek jakinarazo dabenez, irailetik Bilborocken zuzenean jo daben 33 taldeetatik sei heldu dira finaletara (Pop Rockeko hiru eta Metaleko beste hiru). Elektronikearen eta Bestelako Jokeren kasuan, epaimahai profesional batek zuzenean finalean parte hartuko daben lau taldeak aukeratu ditu. Finaletarako sailkatu diran musika taldeak aukeratzeko, epaimahai profesional baten balorazinoa hartu da kontuan (15 adituk osotu dabe, modalidade bakotxeko bost), baita gazteek osotutako epaimahai baten (hiru kide) eretxia eta publikoak emondako boto kopurua be (aurten 672 boto jaso dira danetara).