Zirkozaurre guneak lau urte bete dituala ospatuko dabe hilaren 24an

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 17a, 12:00

Zirkuko arteen munduan dabilzanen topalekua da Zirkozaurre eta dagoeneko lau urte bete ditu proiektuak. Hori ospatzeko, jaialditxua egingo dabe zemendiaren 24an, martitzena. Bide batez, egoitza barria inaugurauko dabe, Deustuko Erriberan. Akrobaziak eta umorea ez dira faltauko ekitaldi berezi horretan.

Arte eszenikoak eta zirkua gizarteratu eta Bilboko publikoari hurreratzea da Zirkozaurreren helburua. Artistek eurek martxan ipinitako gunea da. Entseguak egiteko zein ikastaroak emoteko espazioa dauka. Zirkuko arteak landu ahal izateko materiala be eskaintzen dabe. Holan, profesional zein hasibarrientzako gune bihurtu da, 2011n zabaldu zanetik.

Zirkozaurreko arduradunek gunearen blogean adierazo dabenez, arin joan dira lau urteok. Gure proiektu txikia proiektu handi bihurtu da, dinoe. Lau urtean gauza asko pasau dirala azaldu dabe: ikastaroak martxan ipini ditue, ikuskizunak preparau dira eta Haztegia egitasmoaren bidez, konpainia barriak sortu ahal izan dira.

Ganera, egoitza barria dauka Zirkozaurrek. Deustuko Erriberan segiduten dabe, lehengo egoitzearen alboan. Irailetik Artiach fabrika zaharrean dagoz, mila metro koadroko lokal baten. Aukera zabalagoak eskaintzen deuskuz pabilioi barriak, dinoe Zirkozaurrekoek. Proiektu artistiko barriak zein ikastaroak hartzeko aukerea handitu dau egoitza barriak.

Laugarren urteurrena ospatu eta lokal barria inauguretako, hilaren 24an jaia egingo dabe, beraz. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da ekitaldia. Bego Peñarandak trapezioagaz akrobaziak egingo ditu. Ondoren, erakunde publikoetako ordezkarien berbak entzun ahal izango dira eta Pabilioi 6 egitasmoko Ramon Barea aktoreak be parte hartuko dau. Taldekako akrobazia ikuskizuna be egongo da eta, amaitzeko, Ana Cuervasen ekintza artistiko bertikala. Jan-edanak eta umorea ez dirala faltauko dinoe antolatzaileek.

Ekitaldi apala izango da, baina alkarregaz egoteko eta egoitza barria inauguretako balioko dau, ziurtau dabe. Era berean, gogoratu eragin dabe, ikasturte honetako tailer eta ekintzen egutegia martxan dagoala. Nobedade ugari dakarrez, esate baterako, yoga aereoa edo hiru urtera arteko umeentzako jarduerak.

Osorik irakurri