Justin Hiriart Edizino osoak Gregorio Muro Harrieten gidoia eta Francisco Fructuoso Esparzaren marrazkiak ditu eta betiko abenturazko komikien adibide paradigmatikoa da. Atzean beti itsasoa dagoalarik, euskal baleazale talde baten ibileren barri dogu orrialdeotan.
1982 eta 1988 urteen artean egin zan Justin Hiriart, eta bost alek osotu eben, nahiz eta hareetatik hiru besterik ez ziran argitaratu album-formatuan. Orain, barriz, 30 urte baino gehiago pasau ostean, eta edizino zaindu batean, Erein argitaletxeak euskeraz eta gidoilariak sortutako Harriet Edicionesek gazteleraz edizino bakarrean argitaratu ditue.
XVII. mende hasieran dago girotuta Justin Hiriarten istorioa. Euskal baleontzi bateko kapitaina da Hiriart, eta tripulazinoagaz batera Ameriketako ipar-ekialdeko uretan dabil, baleen, makailaoen, larruaren eta merkataritzan jarduteko baliogarriak diran beste hainbat produkturen bila. Bidaia horretan, San Lorenzo munduko laugarren ibairik luzeenaren bokalea, Ternua zein Labrador peninsulea bisitauko ditue eta bidean, ingeles korsarioakaz, frantziar abenturazaleakaz, indiar tribuakaz zein eskimalakaz egingo dabe topo.
Bost liburukiak batzen ditu edizino oso honek: Itsas gorritan, Izotzetako tranpa, Sekretua, Brulota eta Satanen itsasontzia. 80ko hamarkadan, Ereinek album lez argitaratu zituan lehen hirurak, eta, azken biak, Ipurbeltz aldizkariak. Gauzak holan dirala, argitalpen honek, osoa eta ondo zaindua izanik, aukera ezin hobea eskaintzen deutse zaleei titulu hau hasi eta amaitu ezagutzeko.
Laurogeigarren hamarkadearen hasieran, Fructuoso eta Harriet bikoteak abentura komiki batzuk egiten zituan Ipurbeltz aldizkarirako, baina eurek horretatik bizi nahi eben eta hori lortzeko modu bakarra eskubideak saltzea zan, hizkuntza gehiagotan argitaratzeko. 1981ean, Bartzelonako lehen komiki azokea egin zan eta bertan izan eben Frantzian arrakasta handia eukan 48 orrialdeko komiki formatuaren barri, Tintin eta Asterix, esaterako. Harriet eta Fructuosok abentura gai bat topau gura eben, geure-geurea zana eta baleontziei buruzko artikulu batzuk irakurri ostean, San Juan baleontziaren aztarnak topau zituela jakinik eta Harriet abizenak balea kontuakaz zerikusia eukala esan eutsienean, gaia zehaztuta egoan, itsasoa eta euskal balea arrantzaleak.
Francisco Fructuoso ilustratzailearen lanari jagokonez, protagonismo berezia dabe paisajeak eta itsasoak: olatuak, zipriztinak, olatuen aparra, argiaren arabera itsasoak hartutako koloreak... Irudiari erreparauta be, gaurkotasun handikoa da komikia, izan be, belaontziak marraztu behar ziranez, bertikalidade handia eban komikiak, eta horrek barritzaile izakerea be emon eutson lanari, sasoi haretan komiki klasikoa modan egon arren, hau da, bineta karratuagoakaz eginikoa.
Egileak
- Francisco Fructuoso (Ilustratzailea). Cartagenan jaio zan, Mediterraneo itsasoaren ondoan, baina gaztaroa Euskal Herrian emon eban, Kantauri itsasoaren ondoan. Azkenean egoitza Madrilen hartu baeban be, zanetan daroa Fructuosok itsasoa, eta holan igarten jako Justin Hiriarti be.
- Gregorio Muro (Idazlea). Donostian jaio zan, eta azpimarratzekoa da personaia sendoak sortzeko dauen interesa eta aitagarria zehetasunak eta dokumentazino historikoa erabilteko dauen trebetasuna.