Santa Zezilia, musikarien zaindaria, kontzertu ugarigaz omenduko dabe egunotan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 17a, 00:00

Zemendiaren 22an ospatzen da Santa Zezilia eguna eta, data horretan zein ingurukoetan, kontzertu eta musika-emonaldi ugari izaten dira. Esate baterako, Bilboko Udal Musika Eskolako irakasleek kontzertu berezia emongo dabe eguaztenean, hilak 18. Garaizarko Matsorriak abesbatzeak, ostera, zapatuan, hilak 21, egingo dau Santa Zeziliako kantaldia. Gernika-Lumon, Segundo Olaetako ikasleak arduratuko dira santua omentzeaz, hilaren 19an. 

Bilbao Musikak emon dituan datuen arabera, aurtengo ikasturtean 53 irakasle dabilz Udal Musika Eskolan klaseak emoten. 1.750 ikasleri erakusten deutse musikea. Eguaztenean, irakasle guztiek bat egingo dabe, Santa Zeziliako ohiturazko kontzertuan joteko. Ikasleentzat aukera ona da gauza barriak ikasteko, euren irakasleak entzunda.

Publiko zabalarentzako emonaldia izango da Bilbao Musikako irakasleena. Doban sartu leiteke, baina gonbidapenagaz (personako gonbidapen bi emongo ditue gehienez). Bilboko Campos Eliseos antzokian izango da kontzertua, 19:00etan. Era askotako doinuak eta musika-tresna ugari entzuteko erea egongo da, irakasle bakotxak bere espezialidadea daukalako.

Abesbatzek be bat egingo dabe Santa Zezilia eguneko ospakizunakaz. Esate baterako, Bilboko Garaizarko Matsorriak koruak emonaldi berezia eskainiko dau zapatuan, hilak 21, Santa Monika komentuan (18:30). Urteon hildako kideak omenduko ditue. Gai erlijiosoko doinuak abestuko ditue gehienbat. Tartean, Aita Gurea eta Begoñako Andra Mari euskerazko doinuak kantauko ditue.

Bilbotik kanpora be, hainbat hitzordu egongo dira Santa Zezilia egunaren harira. Gernika-Lumon, eguenean, hilak 19, ipini dabe hitzordua. Segundo Olaeta Musika Eskolako kideek parte hartuko dabe dobako emonaldi horretan, Lizeo Antzokian. Ikasleen taldeek osotuko dabe programea: Bandea, abesbatza, musika-animazinoa, orkestrea, konboa eta abar.

Osorik irakurri