Asteburu oparoa euki dau euskal zinemagintzeak, izan be, LGTB gaiak lantzen dituen hiru zinemalditan euskal filmak saritu ditue. Kepa Errastiren Aitona mantangorria Madrilgo Lesgaicinemad jaialdiko film laburrik onena izentau dabe. Roberto Castonen Los tontos y los estupidosek publikoaren saria irabazi dau Barin. Eta Mikel Ruedaren A escondidas film luzeak epaimahaiaren aitamena jaso dau Marseillan.
Kepa Errasti zuzendariaren Aitona mantangorria film laburrean, Miren Gaztañaga, Isidoro Zabala, Unax Sanchez, Asier Hernandez, Xabier Ormazabal, Amaia Ruiz de Galarreta eta Errasti bera dira aktoreak. Euskera hutsean grabautako pelikula horretan Josu protagonistea Gabonetan etxera bueltetan da eta aititaren sekretu batzuk ezagutzen ditu. Lesgaicinemad, Madrileko LGTB zinemaldiaren 20. ekitaldian, film laburrik onenaren saria emon deutsie.
Roberto Castonen Los tontos y los estupidos, aldiz, film luzea da. Mario, Paula, Miguel eta Lourdes dira protagonistak. Gustuko ez daben bizimodua atzean ixteko, erabagi gatxak hartu behar ditue. Italia hegoaldean, Bariko International Gender Festival dalakoan, publikoaren saria jaso barri dau.
Euskal filmen asteburu arrakastatsua Mikel Ruedaren A escondidas lan luzeak biribildu dau. Mutil marokiar bat eta beste espainiar bat dira protagonistak. Bizitzeak bidegurutze baten ipini ditu biak eta alkarri lagunduko deutse aurrera egiten. Ruedaren filmak Marseillako CineHorizontes jaialdian parte hartu dau eta epaimahaiak aitamen berezia egin deutso.
Hiru filmetan, sexu aukeren askatasunaren inguruko gaiak lantzen dira. Horregaitik, Zinegoak jaialdiak adierazo dau poztekoa dala era horretako euskal filmak nazinoartean aintzat hartzea. Zinegoak, hain zuzen be, LGTB zinemearen Bilboko jaialdia da.