Korrontzi musika taldearen doinuei koreografiak gehitu deutsiez eta emoitzea, Korrontzi Dantzan izeneko diskoa da (Baga Biga), CDa, DVDa eta liburutxua dakarzan lan zabala. Doinuak entzun ez eze, jantzak ikusi leitekez eta koreografiak ikasteko gidea be sartu dabe. Korrontzi Dantzan bireak, ganera, herririk herri eroango dau taldea, Euskal Herriko eta kanpoko jantza taldeakaz hasi dauen alkarlanaren bidez.
CDan 17 kanta sartu ditu Korrontzik. Ohiko legez, folk doinuak dira euren musikearen oinarria. Herri-musikatik hartutako erreferentziei eta musika tradizionalari ikutu modernoak sartu deutsez. Era berean, DVDan, beste 17 pieza entzuteko aukerea dago. Kasu horretan, baina, entzun ez eze, ikusi be egin leitekez. Kanta bakotxerako beren-beregi sortutako koreografien bideoak sartu ditue batetik (zuzenean grabautako kontzertu bat tartean). Bestetik, pista interaktiboak sartu ditue, jantzetako koreografiak ikasteko azalpenakaz.
Korrontzik Oinkari jantza taldeagaz batera ipini dau martxan Korrontzi Dantzan proiektua. Koreografiak sortzen goi mailako sortzaileak ibil dira: Edu Muruamendiaraz, Jon Maia, Igor Yebra, Izaskun Iturri eta abar. Proiekturako sortutako jantza gehienak ikusi leitekez CD-DVDan eta zazpiren azalpen didaktiko zehatzak sartu ditue.
Sari izugarria izan da guretzat maila horretako koreografoakaz lan egitea, adierazo dau Agus Barandiaran Korrontziko kideak. Sortutako jantzak, ganera, jente guztiaren esku ipini nahi izan ditue: Ikuspegi didaktikoa dauka diskoak, nahi dauenak etxean ikasi leike. Barandiaranek uste dau subertea euki dabela, Euskal Herriko koreograforik onenak euren musikeagaz inspirau ahal izan dituelako.
Korrontziren musikea jantzeagaz nahastauteko asmoa aspalditik dator. 2008an oholtzara igon eban Jon Maiak Korrontzigaz batera. 2009an alkarlanari ekin eutsien Oinkarigaz. Harrezkero, Korrontziren kontzertuetan beti egoten dira jantzariak. Izan be, Agus Barandiaranek azaldu dau trikitixea jantzan eragiteko tresnea dala, horixe dala trikitixearen zentzuna.
Korrontzi Dantzan proiektuaren beste zutabea, jantza taldeakaz hasitako hartu-emona da. Korrontzik udabarrian zabaldu eban bere doinuetarako jantzak nahi daben taldeei erakusteko deialdia. Barandiaranek dino, jantza talde eta lagunarte askok agertu dabela interesa. Holan, Korrontzi eta Oinkariko ordezkariak joan dira izena emondako talde guztietara, koreografiak irakasten.
Behin jantza taldeakaz hartu-emona eginda, orain landutakoa zuzenean erakusteko unea da. Domekan, hilak 22, Bartzelonan izango da Korrontzi, hango Euskal Etxeko jantzariakaz preparautako koreografiak erakusten. Abenduaren 8an Durangoko Azokan egongo da Korrontzi eta hil horren 13an, Madrilen. Holanda aldera be egingo dabe osterea, zezeilean. Euskal Herriko jantza taldeakaz landutako koreografiei jagokenez, Hazparne, Atarrabia, Amurrio, Tafalla, Mungia eta Leitzan jotea aurrikusi dabe oraingoz.