Berezia izango da Durangoko Azokako aurtengo edizinoa. Urtemuga borobila, mugarria, ospakizuna. Eta borobila izango da Durangoko Azokako egitaraua be. Durangoko Azokeak gaur aurkeztu dau aurtengo edizinoko egitaraua, Plateruena Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan. Bertan, Gerediagako presidente Nerea Mujikagaz batera, Azokako zortzi guneen ordezkariak egon dira: Arrate Illaro (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Oihane Agirre (Azoka TB), Gorka Julio (Kabi@), Esther Soto (Areto Nagusia), Lutxo Egia (Ahotsenea), Erika Uranga (Plateruena) eta Eñaut Gantxegi, Arantza Arrazola eta Gorka Ganso (Szenatokia).
Nerea Mujikak azpimarratu dauenez, Gerediagako lehendakari moduan zer edo zer kolorez azpimarratu beharko baneu herri-ekimena eta alkarlana dira. Durangoko Azokea gero eta plaza koloretsuagoa da, gero eta eragile gehiagoren, gero eta ideia aberatsagoen eta gero eta alkarlan estuagoen emoitzea.
Kulturearen plazara hurreratzen diran lagunek, bost egunez (abenduaren 4tik 8ra), 250 ekitaldiz gozetako aukerea izango dabe: kontzertuak, barriketaldiak, proiekzinoak, umeentzako jarduerak, tailerrak, ikuskizunak eta abar. Hori guztia, 700 metroren barruan eta bost minutuko distantzian.
Azokeak igazko datu baikorrak hobetzea lortu dau edizino honetan. Aurten 249 erakustoki egongo dira, igaz baino lau gehiago. Danetara, stand horreetan 350 nobedade aurkeztuko dira: 228 liburu, 63 disko, 19 aldizkari... Liburu eta disko gehiago izan bada be, argitalpen elektronikoetan egon da igoerarik handiena, aurten 18 nobedade aurkeztuko baitira (igaz lau izan ziran).
Edizino honetako aurrekontua 750.000 eurokoa izango da. Horreetatik, 410.00 euro erakunde publikoetatik jasotako diru-laguntzinoak dira. Erakustokien alokairua (225.000), babesleak (99.000) eta publizidadea (16.000) dira ganerako diru-sarrerak. Gastu nagusiak, ostera, Azokearen montajeak jasoten ditu (187.000), komunikazinoa (176.000), arlo teknikoa (124.000) eta personalagaz (112.000) batera. Ganerako gastuak egitaraua (87.000), alokairuak (31.000), antolaketea (18.000) eta kanpoko zerbitzuak (13.000) dira.
Azokearen inaugurazino ekitaldia aurten San Agustin Kulturgunean izango da, Szenatokia gunean, hain zuzen be. 19:00etan hasiko dan ekitaldi honetan, erakundeetako ordezkariek eta kultur sortzaileek parte hartuko dabe, taularatze berezi baten bidez.
Azokearen amaierea be berezia izango da. 50. urtemugea agurtzeko traka berezia izango da egitarauan: 17:30ean, Lekord taldearen Sokak ikuskizuna izango da Ahotsenean; 18:00etan, Szenatokian Zirko Anabasa ospatuko da; 18:30ean, Korrontzi taldeagaz jantzaldia izango da Plateruenan. Amaitzeko, 19:45ean, Deabru Beltzak talde ezagunaren emonaldi ikusgarria egongo da ate-zarratzeagaz batera, 50. urtemugea borobilduz.
Egitaraua gunez-gune
- Areto Nagusia. berbearen plazan bigarren urtez Gogoetearen plazea antolatuko da, aurten Jakin eta Gerediagaren arteko lankidetzeagaz. Ekimen honen helburua da euskal kulturearen ganeko gogoetea bultzatzea eta etorkizuneko estrategiak garatzen laguntzea. Esangura horretan, mende erdiaren atalaia aurrera begiratzeko erabiliko dau aurten Gogoetearen guneak. Hortik dator aurtengo mahai-inguru eta barriketaldien goiburua: Biharkoak Gaur. Etorkizunari begira jarriko ditu egitarauak gaur egungo sortzaile, kultur eragile eta industriako kideak.
Abenduaren 5etik 8ra arte bina saio izango ditu egunean, goizean buruz-burukoak eta arratsaldean ohiko mahai-ingurua. Egun bakotxak be gai jakin bat izango dau: abenduaren 5ean euskal kulturearen ikusgarritasuna, 6an, kultur politikak, 7an, erreleboa eta 8an, prestigioa. Azokearen bihotzean gogoetea txertatuko dau egitarauak, hurrengo 50 urteetako historia idazten laguntzeko.
Gogoetearen plazearen edukiakaz zenbaki monografikoa egingo da Jakinen urteko bigarren bihilebetean.
- Ahotsenea. Ahotsenea guneak marka guztiak hausi ditu aurten: 120 emonaldi baino gehiago egongo dira (70 zuzeneko eta 50 solasaldi). Solasaldien gunea aurten Landako barruan egongo da, eta 9 disko eta 42 liburu aurkeztuko dira. Hainbat formatu egongo dira: solasaldiak, ikuskizuna, errezitaldiak, kontzertu akustikoak... Lehen aldiz irakurketa dramatizatuak egongo dira literatura solasaldietan, musikaz lagundurik. Euskal literatura eta musikagintzearen izen handi ugari batuko dira: Jasone Osoro, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Ken Zazpi, Mikel Urdangarin...
Zuzenekoei jagokenez, karpea igazko toki berberean egongo da, eszenatoki bigaz. 70 kontzertu egongo dira, izen handiko taldeakaz (Ze Esatek!, Txapelpunk, Seiurte, Hesian...), talde hasibarriak, Ipar Euskal Herriko zortzi musika-talde...
Zemendiaren 25ean, Ahotsenean parte hartuko daben sortzaileakaz topaketea antolatu dabe: alkar ezagutzeko, zalantzak argitzeko eta abar.
- Saguganbara. Txiki eta handien plazan umeentzako eta familientzako jarduera ugari izango dira: hamabi ipuin kontalari, 19 tailer... Ekimen barritzaileak be izango dira, berbarako, irakurmena sustatzeko txakurrakaz jarduerak, erlajazino ariketak umeakaz, munduko abestiak lantzeko tailerrak, orri markatzaileak sortzeko tailerrak... Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna eta Irrien Lagunen jaia izango dira seguruenik ekitaldirik jentetsuenak.
- Plateruena. Kontzertu handien plazea izango da beste urte batez Plateruena. Izen handiko musika-taldeak batuko dira bertan: Esne Beltza, Iheskide, Bidehuts gaua (Jupiter Jon, Sacco, Anari, Irazoki & lagunak, Audience, Nire eta Bidehutseko beste zenbait), Olatz Zugazti eta Korrontzi. Sarrerak salgai dagoz webgunean eta Antzokiko barran.
- Irudienea. Ikus-entzunezkoen plazea erakusleiho izateaz gan, hausnarketa eta eretxi-trukaketarako gunea izango da. Ikasle Egunean ume eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezkoetan dagoan eduki sexisteari buruzko tailer eta berbaldia egongo da, Emakundegaz alkarlanean. Katixa Agirrek eta Oihulari Klownek parte hartuko dabe.
Egitarauan, Kameratoia Ikus-entzunezko Rallyaren XI. edizinoa, euskal zinemagintzearen belaunaldi barriakaz mahai-ingurua, EHUko ikasleen film laburren emonaldia nabarmendu daitekez. Ganera, proiekzioei jagokenez, Amama pelikulea, Euskal Herriaren ABDak eta Goenkaleren azken hiru pelikulak primizian eskainiko dira.
- Szenatokia. Arte eszenikoen plazan, San Agustin Kulturgunean, Zirko Anabasa izango da nobebade nagusia. Ekimen hau abenduaren 8an izango da, eta Euskal Herriko Zirkuaren lagina ezagutu ahal izango dogu: Shakti Olaizola kontorzionisteak, Cie Mes Tissages Aeriens oihal aereoak, Ortzi Acosta paraleloetan, Debote Enbote malabaristak eta Malas Compañias akrobatak parte hartuko dabe. Pantxika Lamurrek aurkeztuko dau.
Horrezaz gan, Itziar Eliasen Eskutitzak antzezlana ikusteko aukerea izango da. Antzerki eskolek be topagunea antolatuko dabe Kafie eta berba ekimenaren barruan, eta antzerki maratoiak txapela jarriko deutso Szenatokiaren egitarauari.
Bestalde, Jose Luis Zumetaren lan bi erakusgai egongo dira San Agustinen eta bere lanaren inguruan egindako dokumentala proiektauko da buklean.
Azkenik, inaugurazino ekitaldia eta Argizaiola Sarien ekitaldia be bertan antolatuko dira, abenduaren 4an eta 5ean, hurranez hurran.
- Kabi@. Digitalaren plazearen nobedadea aurten bere espazio fisikoa izango da: domo geodesiko baten barruan egongo da, hau da, kabi itxurea hartuko dau, baina bertara sartzeko Landako gunetik igaro beharko da. Eragile ugarik topaketak egingo ditue Kabi@n: Euskal Igerrak (euskal instagram komunidadeak), Gamerauntsia (bideojokoen euskal komunidadea), wikilari euskaldunen bilkurea...
Bestalde, tailer eta berbaldi ugari egongo dira: irrati estazio bat montetako tailerra, hedabideen etorkizunari buruzko mahai-ingurua, tabu-hitzaldiak eta abar.
- Azoka TB. Azoka Telebistan aurten inoiz baino hedabide gehiagoren lankidetzea egongo da. Honakoak izango dira parte-hartzaileak: Goiena, EITB, Hamaika TB, Kanaldude, Tokikom eta Berria.
Azokeak irauten dauen bitartean, Azoka TBk emisino jarraitua eskainiko dau zuzenean (eta streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunetik). Hainbat programa produziduko dira: Amaia DJ, Youtuberrak, Landakoenea, Azokan Gaur...