Zemendiaren 20an, barikuan, John Tejada izango da Art After Dark saioaren protagonista Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan. Orkestra-zuzendari baten eta soprano entzutetsu baten semea da, eta Austrian jaio bazan be, 8 urtegaz AEBra joan ziran. Musika elektronikoaren testuinguruan, John Tejada tekno artisteak produktore, nahasle eta DJ legez jardun dau, eta Palette Recordings disko-etxearen nagusi izan da. Bere produkzinoa tempoaren eta generoaren barruan mobiduten da, uhin zabaleko espazio lasaiakaz, eta DJen eskuetan zein musika-ekipoetan oso ondo funtzionetan daben energia handiko geruzez betetako pistakaz.
Tejada 1997an hasi zan nazinoartean lan egiten, eta ordutik Movement (The Detroit Electronic Music Festival), Sonar Festival (Espainia eta Tokio), Dance Valley (Herbehereak), Sync Festival (Grezia) eta Mutek Mexiko lako mundu osoko jaialdietan izan da; horrezaz gan, Fabric (Londres), Yellow (Tokio), Rex Club (Paris) eta The Walt Disney Concert Hall (Los Angeles) nazinoarteko aretoetan musikea jarten be ibilia da. 2004ko udan, ospetsu egin eben abesti bi sortu zituan: Sweat On The Walls klasikoa eta Mono On Mono. Bien artean 23.000 kopia baino gehiago saldu zituan biniloan. Arrakasta handia lortu daben Tejadaren beste single batzuk ondokoak dira: Paranoia, Mind Bend Justin Maxwell kantariagaz), Voyager eta The End Of It All.
Saioa 22:00etan hasiko da, Javier Francoren eskutik. 1990eko hamarkadearen amaieratik Franco DJ lanetan dabil. Musika elektronikoaren kulturea zabaltzeko helburuagaz, NoData taldea sortu eban. Bilboko hainbat klubetan ekitaldiak antolatzen espezializau ziran, eta mundu-mailako DJak kontratetan aitzindariak izan ziran. 2005eko zemendian, beste bi bazkidegaz batera, Fever sortu eban, eta hortik aurrera bertako zuzendarietako bat izan da. 2008tik Guggenheim Bilbao Museoagaz alkarlanean egindako Art After Dark proiektuaren programazinoaren arduradun artistikoetako bat da.
Zemendiko Art After Dark saiora hurreratzen diranek Guggenheim Bilbao Museoan diran Making Africa – Gaur egungo diseinuaren kontinentea erakusketaz eta Shahzia Sikanderren Paralajea bideoinstalazinoaz gozetako aukerea izango dabe.
Sarrerak salgai egongo dira saioaren egunean (18 urtetik gorakoak): 13 € publiko orokorra eta 9 € Museoaren Lagunak. Ikusle kopuru mugatua.
Salgai txarteldegian eta www.guggenheim-bibao helbidean.