Nobelan bahiketa baten historia kontetan dau Gotzon Barandiaran idazle bizkaitarrak. Fikzinozko gertakarien bidez, egiaren, egia kontetearen eta jakitearen inguruan gogoetea egin nahi dau. Susa argitaletxeagaz plazaratu dau Barandiaranek bere bigarren eleberria dan Gidariaren okerra hau (Errotik argitaratu eban 2010ean; poesia liburu bi be badaukaz).
Burua galtzear dagoan taxilari batek antolatutako bahiketea da nobelearen abiapuntua. Konplize bi topauko ditu, ilobea eta argazkilari bat. Bilbora heldu barri dan ikerlari bat bahituko dabe, informazinoa lortzeko asmoz.
Egiak, guzurrak eta sekretuak zenbatgura agertuko dira liburuaren 125 orrialdeetan, istorioa korapilatzeko. Bide batez, egiaren eta egia jakitearen ganean hausnarketea egiten dau Barandiaranek. Protagonistetako bat dan argazkilariak ez daki ziur zer ikusi dauen, zer dan egia eta zer ez. Zalantza horrek abiauko dau gogoetea.
Nobelako hiru protagonista nagusien arteko alkarrizketa siku eta zorrotzak dira liburuaren beste ezaugarri nagusietako bat. Nobela baltzaren generoaren barruan sartu leiteke Gidariaren okerra.