Bilboko Itsas Museoa doban bisitau leiteke gaur, barikua, 12 urte bete ditualako

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 20a, 00:00

2003ko zemendiaren 20an, gaur 12 urte, zabaldu eben Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa. Hori ospatzeko, doban sartu ahal izango da museoan gaur. 18:00ak arte egongo da zabalik. Dozena bat urteko ibilbidean, 40 erakusketa inguru pasau dira museotik eta 30 itsasontzi baino gehiagok geldialdia egin dabe bertako moilan.

Itsas Museoko arduradunek azaldu dabenez, Bilbok itsasadarragaz euki dauen eta daukan loturea gorde eta erakustea da museoaren helburu nagusia. Helburu hori lortzeko lanean dabilz, kalidadezko eta askotariko baliodun kultur eta hezkuntza eskaintzeagaz, bisitariei itsasoa eta itsasadarra hurreratu guran, museoko iturriek aitatu dabenez.

Gaur, barikua, egun guztian ateak zabalik izango ditue bisitariek, arratsaldeko 18:00ak arte, museoko aretoak doban ikusteko. Oraintsu zabaldutako erakusketa kartografikoa ikusi ahal izango da, beraz: Euskal Herria, Flandes eta Europatik ikusita, antzinako kartografia, 16 eta 17. mendeak. Era berean, aldi baterako erakusketa bi dagoz une honetan Itsas Museoan, Itsasadarraren magia eta Montserrat, askatasunaren bila.

Euskalduna zubiaren azpian, Karola garabiaren gerizpean, antxinako moila batzuen alboan eregi eben Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa. Horrenbestez, erakusketak eta ekitaldiak antolatzeko eraikina ez eze, itsasontziak hartzeko gunea be badauka. Euskal flotearen erakusgarri diran ontzi batzuk han dagoz.12 urteko ibilbidean, 40 erakusketatik gora hartu ditu Itsas Museoak eta 30 itsasontzi inguru pasau dira hango moiletatik.

Ume eta gaztetxuentzako tailer ugari be antolatzen dira Itsas Museoan. Arduradunek dinoe milaka neska-mutilek parte hartu dabela 12 urteotan. Era horretako hurrengo hitzordua Gabonetako tailerrak izango dira. Itsas Museoak ohartarazo dauenez, zemendiaren 23an, astelehenean, zabalduko da izena emoteko epea. Tailerrak abenduaren 23, 28, 29 eta 30ean eta urtarrilaren 4 eta 5ean izango dira.

Osorik irakurri