Zemendiaren 22an kontzertu bi eskaini eta agur esango dau betiko Oskorri taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 20a, 00:00

Oskorri musika talde bizkaitar mitikoak aspaldi ekin eutson Hauxe da despedidea agurreko bireari (Getxo, Baiona, Gasteiz, Donostia, Bartzelona, Iruñea eta Bilbo) eta datorren domekan, sarrera guztiak aspaldi agortuta, Bilboko Arriagan emongo dituen zuzenekoak (12:30ean eta 19:00retan) azken aukerea izango dira taldea lanean ikusteko. Era horretara, taldearen 45 bat urteko ibilbidean, 30 disko baino gehiago, 500 kantu inguru eta 3.000tik gora kontzertu eskaini ostean, Natxo de Felipek gidatutako taldeak agur esango deusku betiko.

70eko hamarkadan Bizkaiko uriburuan sortutako taldeak ibilbide oparoa egin dau 40 urteotan; Ez dok Amairu taldearen arrakastearen erdian egin eban lehenengo agerraldia Oskorrik, 1971n, lehenengo diskoa 1975ean kaleratu baeban be. Ordutik 30 disko baino gehiago kaleratu ditu Oskorri taldeak, azkena, 2011. urtean, Dantza kontra dantza (Elkar), hain zuzen be. Edozelan be, orain bi urtekoa da taldearen azken proiektua: Gabriel Aresti bizsitan, Gabriel Arestiren eta haren eraginez sortutako kantuak eskaini zituan herririk herri.


Euskal belaunaldi bat baino gehiagoren soinubandea osotu dabe Oskorriren kantuek. Euskal Herriko talde garrantzitsuenetakoa da Oskorri, hainbat belaunaldirentzako eredu eta gure altxorra dan ondarea sustatzen eta zabaltzen asperbako lana egin dauen taldea, besteak beste, Gabriel Aresti, Iparragirre, Bernat Etxepare, Jon Mirande edota Joseba Sarrionandia lako klasikoak zein Pub Ibiltaria eta bestelako ekimenak tarteko dirala, kantu herrikoiak eta bertsolari zahar eta barriagoen lana lau haizetara zabalduz.

Agurrik ez, Natxo de Felipe, Bixente Martinez, Antton Latxa eta Oskorri taldearen ibilbidean partaide izandako guztiak. Besarkada handi bat. Eutsi goiari!!!
 

Osorik irakurri