Fenix hegaztiaren antzera, bere errautsetatik berbiztu nahi izan dau Ken Zazpik eta, holan, 20 urteko ibilbide arrakastatsuaren ostean, hutsetik hasi nahi izan dau, lan egiteko modua erabat aldatuta. Orain arteko inertzietatik kanpo, taldeak bere soinuaren bilaketan sakondu nahi izan dau, Ricky Falknerren laguntzinoagaz. Phoenicoperus diskoan (Elkar), letrak idazteko kolaboratzaile barriak euki ditue: Harkaitz Cano, Amets Arzallus, Unai Iturriaga eta Lander Garro.
Phoenicoperus izenburua ('hego gorrixkak' da esanahia) Ken Zazpik bilatu dauen aldaketa sakonaren sinbolo da, Fenix hegaztiaren antzera errautsetatik berbiztu nahi izan dauelako. Eñaut Elorrieta taldekideak arrano klase bat ekarri dau gogora, diskoan bilatu dabena azaltzeko: Arrano klase horrek, zahartzaroan, luma gehiegi daukaz hegaz egiteko eta mokoa apurtu egiten jako. Behin horra helduta, hil egiten dira gehienak, baina batzuek lumak kendu eta mokoa apurtzen dabe, eta gero barriro hazten jakez luma arinagoak eta moko barria, luzaroago bizi izateko. Antzeko prozesua egin dau Ken Zazpik, orain arteko ibilbideko lumak eta mokoa albo batera itxi eta bide barri bati ekiteko.
Phoenicoperus diskoak alderdi guztietatik dakarz aldaketak. Orkestra Sinfonikoagaz 2013an grabautako diskoak bidegurutze baten itxi eban taldea, nora jo ezin jakinda. Krisi antzekoa pasauta, baina, indarbarrituta datoz bizkaitarrak. Sorkuntzearen aldetik interesgarria izan da, orain arteko inertzietatik askatuta gauza barriak sortzeko erraztasun handiagoa egoten dalako, dino Elorrietak.
Eraldaketa horretan, taldekide bakotxak taldearen barruan barriro kokatu behar izan dau bere burua eta hori be aberasgarria izan dala dinoe. 20 urte egin doguz alkarregaz joten eta horren luzaro irauteko, ezinbestekoa da krisiak pasetea; krisiek hartu-emona apurtu leikee, baina ondo landu ezkero, aberasgarriak izan leitekez, azaldu dau Elorrietak.
Ken Zazpiren bigarren jaiotza honetan, Ricky Falkner ekoizlea izan dabe bidelagun. Haren ikuspegiak asko lagundu deutse aurreko inertzietatik askatzen eta estilo barrian sakontzen. Gidaria behar genduan prozesu honetarako, zehaztu dau Elorrietak. Ken Zazpiren estiloan bete-betean sartuta dagoan pop-rock-psikodeliaren unibersoa barritzen lagundu deutse Falknerrek. Elorrietaren arabera, brit-pop gitxiago sartu dabe oraingoan.
Sintetizadorearen eragina nabariagoa da Phoenicoperusen, 1980ko hamarkadako musikatik hurre. Epikarako beste bide batzuk bilatu doguz, abestien klimaxa lortzeko beste baliabide batzuk erabilita, adibidez errepikapenak, zehaztu dau Elorrietak. Disko homogeneoagoa dan arren, kanta bakotxari behar dauena emoten ahalegindu dirala ziurtau dau gernikarrak. Gure soinuaren bilaketan sakondu dogu.
Musikan ez eze, letretan be barritasuna bilatu dabe. Horregaitik, letragile barriak euki ditue: Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Lander Garro. Aurreko disko batzuetan egin daben legez, oraingoan be Joseba Sarrionandiaren testu bat erabili dabe, Debeku berrien zerrenda kantan.
Bizitzea eta heriotzea dira diskoaren letretako ardatzak. Alderdi sinbolikotik, bizitzan askotan hil behar izaten dogu, barriro jaio eta aurrera egiteko, dino Elorrietak. Ken Zazpik be, azken finean, horixe bera egin nahi izan dau disko honetan. Letretan era askotako gaiak landu ditue, heriotzea-bizitzea dikotomia horrek zipriztinduta.
Euren burua ez eze, mundua eraldatzeko asmoa daukie, ganera: Gizartea krisian sartuta dago, krisi ekonomiko, sozial eta politikoan; aldaketarako aukerea zabaldu da. Holan, gaur eguneko kezkakaz lotutako abestiak dagoz diskoan, esaterako, Amets Arzallusek errefuxiatuen ganean idatzitakoa.
Abenduan Durangoko Azokan izango da Ken Zazpi, Phoenicoperus aurkezten. Urtarrilean ekingo deutso zuzeneko bireari eta lehenengo geldialdiak uriburuetan egingo ditu: Urtarrilaren 8 eta 9an Bilboko Arriagan joko dau talde bizkaitarrak. Hil horren 15 eta 16an Donostiako Victoria Eugenian eta 30ean, Iruñeko Zentral Kafe Antzokian.