Getxoko XIV. Komiki Azokea domekara bitartean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 20a, 00:00

Getxoko XIV. Komiki Azokea zemendiaren 20tik 22ra ospatuko da eta bisitariek 60 salmenta postu topauko ditue Areetako Geltokia plazako karpan; besteak beste, komiki dendak, liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta komikiagaz lotutako sektore guztiak izango dira bertan. Merkataritza guneagaz batera, beste jarduera ugari be izango dira eta, hiru egunetan zehar, binetearen zale diranentzako ezinbesteko hitzordua izango da Getxokoa.

Ohikoa danez, Getxon artista ospetsuak batuko dira, horreetako asko nazinoartean be ezagunak, eta berbaldi eta aurkezpenetan ez eze, sinatze ekitaldietan be parte hartuko dabe. Aurten, besteak beste, Eric Reynolds istoriogilea izango da Getxon, Fantagraphics argitaletxekon zuzendaria da, komiki independentearen eta alternatiboaren arloko ospetsuena nazinoartean. Dave Cooper Futurama telesail famatuaren estetikearen arduraduna be Getxon egongo da, bai eta Johnny Ryan marrazkigilea be. Horreei gehitu behar jakez Peter Milligan britaniarra, mainstream komikiaren gidoilari famatuenetakoa, eta Jessica Abel, La perdida lanaren egile saritua eta feminismoa komikiaren munduan islatzen erreferentzia dan autorea.

Zaleek eskarmentu handiko Juan Giménez artisteagaz be berba egiteko aukerea izango dabe. Egile argentinarrari eta Zulet umorista grafikoari omenaldia egingo deutsee Getxon euren jarduera saritzeko. Egile konbidaduen zerrendea honako honeek osotzen dabe, besteak beste, Max, Daniel Torres, Albert Monteys, Juanjo Sáez, Mauro Entrialgo, Luis Bustos, Matt Madden, Ana Oncina, Pepo Pérez, Javier de Isusi, Javier Olivares eta Santiago Garcíak.

Erakusketei jagokenez, azokako karpan aurtengo omenaldian protagonista izango diran artistei dedikautako erakusketa bi izango dira. Era berean, Intermón-Oxfamen GKEren Viñetas de vida izeneko erakusketea ikusteko aukerea izango dabe bistiariek, bai eta Komikigintzako Espainiako Sari Nazionala irabazi daben Javier Olivaresen eta Santiago Garcíaren Las Meninas eleberri grafikoaren ingurukoa be.

Gainera, beste leku batzuetan be izango dira komiki erakusketak; alde batetik, Bizkaiko zubian Chema Garcíaren eta Borja Cresporen Cortocuentos izango da ikusgai, eta bestetik, Areetako Glass kafetegian eta Torrene Aretoan Euskal Ilustratzaile Profesionalen Alkartearen El Balanzín. 10 urte eta Marikaren Voz de mujer. Rompiendo estereotipos erakusketak, hurranez hurran.

Aurtengo azokan biñetearen profesionalei zuzendutako saioa be izango da; horretan, nahi daben artista guztiek euren lanak Eric Reynoldsi erakusteko aukerea izango dabe. Edozelan be, parte hartzeko izena emon behar izan da aurretik eta epea zarratuta dago.

Azokearen ordutegia honako hau izango da: Goizez, 11:00etatik 14:30era. Arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara (Domekan, 20:00etara arte). Sarrerea: 1,5 euro.

Getxoko XIV. Komiki Azokearen egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Osorik irakurri