Xabi Paya gidoigileagaz eta Patxi Gallego marrazkilariagaz batera, Antxoka Agirre Bertsolari aldizkariko zuzendaria agertu dira Bertsolari aldizkariaren 100. ale berezia aurkezteko Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean egindako prentsaurrean. Komiki edota nobela grafikoan umorea eta satirea erabili dabe genero baltza oinarri hartuta.
Sinopsiari erreparauta, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala da BECen eta deskarga elektriko batek ziplo itxi dau Andoni Egaña, bere bosgarren txapela buruan azken agurra abesteko mikroari heldu deutsonean. Ertzainen lehen peskizen arabera ez da istripu bat izan. Susmagarrien zerrendea luzea da: ganerako zazpi finalistak, bertsolarien arrakasteari inbidia deutsien euskal idazleak, Hitzetik Hortzera programearen audientziakaz lehiatu ezinean dabilen El conquistador del fin del mundo-ko kideak, bertso eskolen erruz Gabon Gauean koplak baino jasoten ez dituen Olentzero eta Maridomingi.... Heriotza, edo hilketa, hori hartzen dau abiapuntutzat Xabi Paya bertsolariak, gidoilari lanetan, eta Patxi Gallego marrazkilariak alkarlanean sortu daben Nork komiki barriak, 1991ean sortu zan Bertsolari aldizkariaren 100. ale berezia izango dana. Pornoa, manga, Simpson marrazki bizidunei egindako keinuak, misterioa, bertsoak, komedia, satirea, zientzia fikzinoa eta errealismo magikoa nahasten dituan obra honek euskaldunon nortasuna eregiteko beharrezkoa dogun iruditegi amankomuna sortzea dau helburu adierazo dau Xabi Payak komikiaren aurkezpenean.
2013an, Antxokak deitu eustan bere aldizkariagaz kolaboretako eskatuz. Nik ez nekian bertsotan eta gainera, nire aurreko lana izan zan 'Pololoak' trilogian euskal topikoak kritiketan nituan, horreen artean bertsolaritzea, kontau dau proiektuaren hasierearen inguruan Patxi Gallego marrazkilariak. Deia jaso aurretik unibersoari eskaera bat egin neutson: bizitza guztian marrazten jarraitu nahi neban. Beraz, proposamenari baiezkoa emon eta berehala Xabi Paya etorri jatan burura. Harek seguruenik izango zituan bertsoen inguruan idea onak...eta holan izan zan, jarraitu dau artisteak. Orduantxe alkartu ginan eta jarraian sexua edo hilketa bat gure istorioaren abiapuntu izango zirala erabagi eta, azkenean, Andoni Egaña hil genduan komikiaren lehen orrialdean.
Komikiaren 144 orrialdeetatik 28 bat Bertsolari aldizkarian agertu dira 2013tik hona Hamar bertsolaritxo izenburupean baina orain Andoni Egañak eta danok izango dogu aukerea jakiteko nork hil eban bertsolari handia 2013ko abenduaren 15eko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren final haretan.
Kontuak kontu, euskal gizartean ezagunak diran ehun personaia baino gehiago azaltzen dira Nork komikiaren 144 orrialdeetan, Etxenike doktorea eta Paco Etxeberria forensea, besteak beste. Era berean, Egañaren hilketea ikertzeko euskal gizartearen ikuspegi desbardinak personifiketan dituen lau detektibe agiri dira lanean: konserbadorea eta puristea dan Amezketako aguazila, ikuspegi emotiboa dauen Galdakaoko Kontxi etxekoandrea, euskal identidadeagaz zerikusi handirik bako lesbiana eta iparraldeko euskalduna dan Amaia Ezpeldoi eta, azkenik, euskal pragmatismoaren adierazpidea dan Iron Man moduko robota. Euskal kulturearen ganeko gogoetea sustatu nahi dogu eta danetariko personaiak sartu ezin diran arren, jarri doguzanak adierazgarriak dira, azaldu dau Xabi Payak.
Antxoka Agirre Bertsolari aldizkariko zuzendariak adierazo dauenez, ohore handia izan da Bertsolari aldizkariaren 100. ale berezirako goi mailako egile horreekaz lan egitea. Bidebatez, lantalde barria ilusino handiagaz dabilela beharrean eta datorren urtean Bertsolari aldizkariak diseinu eta webgunea barria izango dituala aurreratu dau.