Galdeketaun gazteentzako lehiaketea abiau dabe Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 25a, 00:00

Eskuko telefonotik jolasteko aplikazinoa da Galdeketaun. Bilbogaz lotutako itaunak egiten dira bertan, kultura, kirol, geografia eta arte gaietakoak, besteak beste. Orain, lehiaketaren bigarren edizinoa ipini dabe abian eta 12 eta 17 urte bitarteko gazteek sari ugari irabazi ahal izango ditue. Urtarrilaren 25era arte martxan egongo da sariketea.

Bilboko Udalak ipini dau martxan Galdeketaun, Nontzeberri atariaren laguntzinoagaz. 12 eta 17 urte bitarteko gazteek deskargau leikee galdera-erantzunak batzen dituan aplikazinoa, doban. Behin jolasten hasita, Bilbori buruzko edo Bilbogaz lotutako arloei buruzko galderak erantzun beharko ditue.

Sari ugari banatuko dira: Punturik gehien lortzen dauenari sari ziurra emongo deutsie eta lehenengo hamarren artean beste bat zotz egingo dabe. Baina, era berean, parte-hartzaile guztien artean zozketak egingo ditue, beraz, edonor izan leiteke saridun. Gailu teknologikoak izango dira saria. Hile biko epea ipini dabe jolasteko, urtarrilaren 25era arte.

Google Play Store-ren bidez eskuratu leiteke Galdeketaun. Behin eskuko telefonoan instalauta, funtzionamendu erraza dauka. Nahi beste aldiz jolastu leike parte-hartzaile bakotxak. Oraingoan, bigarren edizinoa dau Galdeketaunek eta igazkoaren arrakasteari eustea da asmoa. Ia ehun jokalari izan ziran igaz eta 4.000 partida baino gehiago jokatu zituen.

Argibide zehatzagoak lehiaketearen webgunean, hemen.

Osorik irakurri