Hego Amerikako Paraguain dago Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, euskerearen bizibarritzerako prozesua azaltzen. Holan, Paraguaiko hizkuntza aniztasunerako lagungarri izan leitekezan esperientziak eroan ditu Baztarrikak. Paraguaiko Gobernuagaz lankidetza teknikorako memoranduma be sinatu dau.
Euskal Herrian euskerea bizibarritzeko azkanengo 30 urteotan egin dan lanaren barri badaukie Paraguain. Eredugarritzat jo dabe hizkuntzearen errekuperazinorako prozesu hori. Hartara, Paraguaiko Errepublikako Hizkuntza Politiketako Idazkaritzeak memoranduma sinatu dau Jaurlaritzeagaz. Ladislao Alcaraz de Silvero alor horretako ministroak eta Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburordeak sinatu dabe akordioa.
Paraguaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak alkarlanean ibiliko dira, beraz. Jaurlaritzearen aholkularitzea jasoko dau Paraguaik. Helburu nagusia, guaraniera bizibarritzea da. Jaurlaritzeak honako arloetan lagunduko deutso Paraguairi: Diagnostiko sozialinguistikoa egiten, adituak preparetan, guaranieraren estandarra sortzen eta erakundeek egin beharreko erabilera ofiziala zehazten. Izan be, guaraniera ofiziala da Paraguain, gaztelaniagaz batera.
Euskerearen eta guaranieraren artean badagoz aldeak, edozelan be. Paraguaiko herritarren % 90ek badaki guaranieraz, euskerearena baino kopuru altuagoa beraz. Baina prestigio aldetik, gaztelaniaren oso atzetik dago guaraniera. Ia ez da idazten eta gatx dauka hezkuntza sisteman zein komunikabideetan sartzen.
Memoranduma sinatzeaz gan, Patxi Baztarrikak euskerearen bizibarritzea landu dau Paraguaiko parlamentuan. Ordezkari politikoen aurrean, euskerearen errekuperazinoaz berba egin dau Asuncion uriburuko ekitaldi horretan. Era berean, hango gobernuko ordezkari batzukaz batzarrak egin ditu salburuordeak, baita guaranieraren akademiako ordezkariakaz be.
Patxi Baztarrika biaje ofizialean dago Hego Amerikan, Joseba Lozano Herri Administrazinoetan Euskerea Normalizetako zuzendariagaz batera. Paraguain egon eta gero, Argentinarako bidea hartuko dabe.