Urtero legez, aurten be Gabon bueltan plazaratu dabe euskerazko produktuen gida hori. Bizkaiko 61 udalerritan banatuko dabe Euskerazko Produktuen Katalogoa, Alkarbide euskera zerbitzuen bilgunearen bidez. Euskal Herrian, guztira, 140 udalerritara helduko da. Katalogoaren 18. edizinoan, ehundazak liburu, disko, jostailu, komiki eta abarren erreferentziak batu dira, danak euskeraz eta 12 urtera arteko neska-mutilentzat aproposak.
Katalogoa preparetako, merkaduan dagozan euskerazko produktuen artean aukeraketa zorrotza egiten da. Barritasuna, kalidadea eta egokitasuna kontuan hartzen dira. Baldintza nagusia, euskerazko produktuak izatea da eta, edadeari jagokonez, zerotik 12 urtera arteko umeak eta gaztetxuak eukiten dira gogoan. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako euskera teknikariek egiten dabe katalogoa.
Ehundazak produktu sartu ditue Euskerazko Produktuen Katalogoaren 18. edizinoan. Guztiek dakarre ze adinetarako diran aproposak eta zenbat balio daben. Zazpi ataletan banatu ditue produktuak: Liburuak, musika, aldizkariak, filmak DVDan, jostailu eta jokoak, komikiak eta gurasoentzako produktuak.
Gidearen bultzatzaileek azaldu dabenez, urte sasoi aproposa da hau era horretako produktuak erosteko, Gabonak eta Durangoko Azokea laster izango diralako. Hartara, era horretako katalogo bat erreferentzia egokia izan leiteke ume eta gurasoentzat, euskerazko eskaintzea zein dan jakiteko.
Bizkaian, Bizkaiko Foru Aldundia eta Alkarbide arduratuko dira katalogoa banatzeaz. 38.000 paperezko ale izango dira. 46 udalek eta Enkarterri eta Txorierriko Mankomunidadeek bat egin dabe ekimenagaz eta, horri esker, Bizkaiko 61 udalerritara helduko da katalogoa.
Euskal Herri guztia kontuan hartuta, 140 udalerri ingurutan egongo da Euskerazko Produktuen Katalogoa. Ganera, webgunea be badauka katalogoak, gidea internet bidez ikusi ahal izateko. Eskuko telefono eta tabletetan ikusteko moduan preparau dabe webgunea eta erabiltzaileek material gehiagarria topauko dabe han: sortzaileei alkarrizketak, albisteak, nobedadeak eta abar.