18 urte bete barri dituan Guggenheim Bilbao Museoak bere funtsen aukeraketea aurkeztu dau Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak erakusketea tarteko. XX. mendearen bigarren erdiko arte garaikideko pieza nabarmenak egongo dira ikusgai zemendiaren 27tik 2016ko apirilaren 3ra bitartean. Aurkezpenenean izan dira Juan Ignacio Vidarte, museo bilbotarreko zuzendaria eta Lucia Agirre erakusketako komisarioa.
Erakusketa honetako artelan gailenen artean dagoz: Mark Rothkoren Titulurik gabea mihise distiratsua (1952–53); Yves Kleinen Antropometria urdin handia (ANT 105) (ca. 1960), artisteak bere izenaz patentautako pigmentu urdin berezia nagusi dauena; Andy Warholen Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu (1979); Robert Rauschenbergen Gabarra serigrafia-mihise handi adierazkorra (1962–63); eta Cy Twomblyren Komodori buruzko bederatzi gogoeta (1963).
Era berean, Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza euskal maisuak Bigarren Mundu Gerra osteko eskulturearen adibide dira eta euren lanak be ikusi ahal izango ditue hurreratzen diranek. Horrezaz gan, beste artelan garrantzitsu batzuk be badagoz, berbarako, Anselm Kiefer eta Gerhard Richter artistenak, edo Julian Schnabel eta Jean-Michel Basquiat estadubatuarrenak.
Aurkezpenean, ikus daiteke, ganera, Francesco Clementeren Amaren gela osotzen dauen mihise multzoa (1995-1997), Erdi Aroko zein Errenazimentuko jauregien dekorazinoko horma-irudi handiak gogora ekarten dituana; era berean, ikusgai dagoz 1980ko hamarkadan pintureari barriro heltzeko gogoa (Neoespresionismoa eta Transabangoardia mobimentuak adibide) adierazoten daben pieza garrantzitsuak, baita adierazkortasun piktorikoa berreskuratzen daben artelanak be, berbarako, Miquel Barcelóren Uholdea (1990).
Beraz, proiektu barrien kopurua murriztu barik eta horreen kalidadea abiapuntutzat hartuz, Museoko pisuen leku-antolaketeari buruzko gogoeteak programazino artistikoaren ikuspegi barri bat emon dau. Eredu barri horretan, hirugarren pisuko areto ez klasikoak (304, 301, 302 eta 303. artekoak) Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako Maisulanak ia etenbarik bertan eukiteko egokienak dirala ikusi da, neurri, forma eta edukieretan askotariko ezaugarriak daukiezan espazioak diralakoan; beraz, hirugarren pisuko galeria klasikoak onenak dira formatu txikiagoko artelanen eta traza klasikoagoko gerra aurreko artearen erakustaldietarako, antolatzeko modua dala tarteko. Galeriok Museoaren Bildumarako sarrera-lana egingo dabe eta, esangura horretan, hirugarren pisua egungo artearen oinarriari buruzko espazio bihurtuko da.
Bestalde, Museoaren bigarren pisuko espazioetan, garrantzi handiko eta nazinoarteko ospea daben aldi baterako erakusketak egongo dira ikusgai. Egun, 2016ko zezeilaren 21era arte, pisu honek Making Afrika – Gaur egungo diseinuaren kontinentea dau erakusgai.
Lehenengo pisuko aretoek, Richard Serra eta Jenny Holzer-en artelanei buruzkoek salbu, egungo jokerei helduko deutsee, gaur egungo artearen adibideak erakutsiz. Atrioaren inguruan, 105. aretoa, 1.000 metro koadro baino gehiago dituana, erakusketa esperimentalagoei buruzkoa izango da edo, bestela, Bildumako artelanak egilearen ibilbidearen testuinguruan bertan kokatzeko, edo haren obrearen ezaugarri bereziren bat nabarmentzeko. Egun, espazio honek Alex Katz-en paisajeen aukeraketa bat dago, Museoaren Bilduman dagoan egilea, Alex Katz, hemen eta orain.
Amaitzeko, Film & Video izenburukoak, lehenengo pisuan hau be, bideo-artearen eta bideo-instalazinoaren artelan nabarmenei erreparauko deutse.