Idazle ondarrutarraren bigarren eleberria da Mussche, 2012koa. Bilbao-New York-Bilbao nobeleak zabaldutako arrastoari segiduta, Mussche be hizkuntza ugaritara itzultzen dabilz. Kirmen Uribe bera Pekin, Tokio eta Kioton egongo da datozan egunetan, japonierazko eta txinerazko bersinoak aurkezten. Japonierazkoa, euskeratik zuzenean itzuli dau Nami Kanekok.
Lehenik eta behin, Txinan egingo dau geldialdia Uribek. Pekin uriburuan aurkeztuko dau Mussche eleberria, abenduaren 2an. Hango unibersidadeko Munduko Literaturearen Zentroak hartuko dau ekitaldia. Huang Yehua arduratu da Mussche txinerara eroaten. Gaztelaniazko bersinotik abiauta egin dau itzulpena. Lijang argitaletxeak kaleratu dau liburua Txinan.
Txinatik Japoniara egingo dau salto Kirmen Uribek gero. Abenduaren 5ean Tokio uriburuan eta hil horren 7an Kioton egingo ditu aurkezpenak. Kejiro Suga poeteagaz batera, euskerazko eta japonierazko testuen errezitaldi baten parte hartuko dau Uribek, Tokioko Llavanderia Cafe lokalean.
Nami Kaneko arduratu da Mussche japonierara itzultzeaz eta Hakusui Sha argitaletxeak plazaratu dau. Ganera, euskerazko testutik zuzenean itzuli dau japonierara, zubi lanerako beste hizkuntzarik erabili barik.
Kontuan hartu behar da, Kanekok 2012an Bilbao-New York-Bilbao be itzuli ebala euskeratik japonierara, hori be Uriberen liburua. Arrakasta handia euki eban Japonian itzulpen horrek eta urteko liburu esanguratsuenen zerrendan sartu eben hango argitalpen batzuek.