20. Euskal Dendea, artisauen erdigune, abenduaren 4tik 8ra Durangon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 26a, 00:00

20 urte bete dituan Durangoko Euskal Dendea tradizino handienetakoa da Euskal Herrian. Arbaso, Euskal Herriko artisauen alkarteak antolatzen dauen azoka hau erakusleiho garrantzitsuena dala, izan be, lurralde guztietako artisauek parte hartuko dabe Durangoko Merkatu plazan. Abenduaren 4tik 8ra bitartetan, Euskal Dendea ezinbesteko hitzordua da artisaua bizirik dagoan gremioa dala erakustarazoteko, baita ohartarazoteko be tradizinoz, ofizioz eta trebetasunez beterik datorrela, ilusinoz eta itxaropenez, baina batez be, hobetzeko gogoz.

Euskal Dendeak euskal lurralde guztietako ordezkariak izango ditu. 51 artisau, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik etorritakoak. Espazioak dituan mugakaitik, ezinezkoa da erakusketari gehiago ekartea. Halan da be, horrek ez dau esan gura Euskal Dendea ez dagoala hazten, izan be, urterik urtera, euren lanbideei bueltea emonez, egokitu eta gaurkotzea lortu daben abangoardiako artisauek parte hartzen dabe. Berrogeita hamar artisauetatik, hamasei barriak izango dira. Bizkaia da ordezkari gehien ekarriko dituana, hogei, hain zuzen be, igaz baino bat gehiago. Gipuzkoatik hamasei etorriko dira; Nafarroa igazko lautik bederatzira pasau da. Arabarrak be gehiago izango dira, bost. Lapurditik, aurrekoan lez, bat etorriko jaku. Artisau-jarduera gune inportantea dan Durangaldeak bost ordezkari izango ditu Euskal Dendan, honakoak: Anitha Mol, Elorrion papela eta kartoia lantzen dituan tailerra; zeramikea lantzen dauen Rosa Etxabe, erakusketari barria; Durangoko Restaurarte, 2010eko stand onena sariaren irabazlea be han izango da, urtero legez; eskualdeko taldea osotzeko Bea Unzuetak zuntz begetalak erakutsiko ditu eta Eneko Unzaluk bitxiak.

Sektoreei jagokenez, aurten ehungintzea da nabarmentzekoa, bost izango baitira erakusketariak. Modea, patchworka, tapizaua, umeentzako ehungintzea edo erropa modernistea, guztiak aurrerabide ezagugarri. Era berean, nobedadea izango dira egurrezko betaurrekoak. Egurgintzeak, zazpi ordezkari izango ditu. Baserriko elikagaietako artisauak be zazpi izango dira, beira lantzen dabenak lau, bitxigintzakoak zazpi eta forjari bat. Erakusketa gunea osotzeko, otzaragile bat eta sei zeramikagile batuko jakez aitatutakoei.

Larrugintzeak bost ordezkari izango ditu. Era berean, espazioa eta denporea emongo jakez birziklautako objektuei, euskal kirolari, beste bina kosmetikeari eta jostailugintzeari.

Euskal Dendearen edizino hau atzera begiratu eta aztertze-kutsuagaz dator. Sortzaile zein bisitarien egutegian finkatuta dagoan hau, beraz, iraganari eta etorkizunak dakarrenari buruzko gogoetea egiteko erabiliko dabe. Hamarkada honeetan bietan egindako bidea balorau eta sektorearen etorkizuna aurreikusteko asmoa dabe.

Arbasokoek artisautzearen aitzindaritzat dabe euren alkartea, gehienek lanbide zaharren aldekoak baitira, baina barrikuntza-plusa gehitu daben zenbait be badira. Lanbide zaharrei eutsita, eraldatu eta garaikide bihurtu ditue, beti be, eskuz lantzeko ikuspuntu eta erispidetik abiatuta. Pieza guztiak eskulan eta artisautza prozesuen arauak errespetatuz diseinetan dira. Euretariko askotan, ostera, artisauek barrikuntzara joten dabe eta inspirazino iturria orainean eta geroan topetan dabe. Horregatik ba, gaur egun artisau izatea garaikide izatea da.

Euskal Dendaren helburu nagusia artisautza tradizionala zein garaikidea bultzatzea eta merkaturatzea da, beti be, Euskal Herrian egindakoaren zigiluaz. Beraz, aukera ezin hobea da bisitariek bertatik bertara artisauen lanak ikusi eta gozetako, eginkizun ia ezinbestekoa profesional honeek biziraungo badabe. Esperientzia honi esker, bisitaria jaubetuko da lanbide zaharrak indarrean dagozala, eta ez dala pieza sortu barrien kalterako.

Artisautzea bizimodua ez eze, gure herriaren balio kulturalak bultzatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko modua be bada, baita galtzen doazen ogibideak bizi-iraunarazoteko bidea be.

Euskal Dendearen barruan, zuzeneko erakustaldiak, lehiaketak eta tailerrak ez eze, beste hainbat ekintza ludiko egingo dira artisauaren eta bisitarien arteko interakzinoa dinamizetako eta, azken batean, bisitaria artisautzearen mundura erakarteko.


Artetsu Galea

2005ean hasi ziran Artetsu sariak emoten, Arbaso alkartearen hamargarren urteurrenagaz batera. Sari honeen bitartez, banakakoen edota erakundeen lana aintzat hartu nahi da eta, beraz, artisautzearen alde egiten daben artisauak, erakundeak eta hedabideak saritzen ditue. Hamaikagarren edizino honetako Artetsu
sariak honakoak izango dira:

- Bizitza osoa: Jose Ramón Salmantón. Salmantón (Otzaragintze)a; Elena Txintxurreta (Buztingintzea); eta Alicia Bengoetxea (Espartingintzea).

- Hedabideak: Deia.

- Erakundeak lagun: Zamudioko Udala.

- Euskerea sustatzea: Euskal Herrian Euskaraz.

Sariak emoteko galea abenduaren 4an, barikuan, egingo da Udal Merkatu Plazan, arratsaldeko 19:30ean.


20. Euskal Dendearen ordutegia

- Goizean 11:00etatik 14:30era; arratsaldean, 16:30etik 21:00etara. Domekan, abenduaren 8an, barriz, 20:00rak arte.

- Inaugurazino ofiziala: barikua 4, 12:00etan.

Osorik irakurri