Datorren eguaztenean, abenduaren 2an, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bezperan banatuko dabe Anton Abbadia saria. Gipuzkoako Foru Aldundiak bi urtean behin emoten dau, euskerearen arloan egindako lanak nabarmentzeko.
Aurten Kike Amonarriz soziolinguisteak jasoko dau saria, aldundiak berak iragarri dauenez; euskereari egindako ekarpenagaitik sarituko dabe Amonarriz.
Euskerea sustatzeko arloan oso persona ezaguna da Amonarriz (Tolosa, Gipuzkoa, 1961). Egun Burubero lehiaketan aurkezle dabil ETB1en eta euskerearen ganeko makinatxu bat lan egin ditu, berbarako, Tribuaren Berbak. Horrezaz gan, euskerearen ganeko hainbat forotan be parte-hartzaile izaten da. Era berean, Topagunearen alboan sortutako Topalabea taldeko kide da, eta Berrikasi eta berrikasi agiriaren egileetako bat.
Sari banaketa ekitaldia datorren eguaztenean, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Aldundiko Iargi aretoan izango da. Iago Rey de la Fuente eskultorearen artelan bat jasoko dau Amonarrizek.
Arantxa Urretabizkaia, Jone Miren Hernandez, Iban Arantzabal, Maite Artola eta Arantxa Diez de Ilarrazak osotu dabe aurtengo epaimahaia. Batetik, soziolinguista arloan egindako lanen eta idatzitako artikuluen sendotasunagaitik; eta, bestetik, autortzeko telebistan euskerea modu gozagarrian eta interesgarrian erakutsi daben saioakaz izan dauen arrakasteagaitik, erabagi dau saria tolosarrari emotea epaimahaiak.