Urte berezia da aurtengoa Durangoko Azokearentzat, baita Gerediaga alkartearentzat be. Mende erdiko ibilbidea osotu dabe biek. Era horretako efemerideak aproposak izaten dira orain artekoaren balantzea egin eta aurrera begirako asmoak zehazten hasteko. Horixe da Nerea Mujika Gerediaga alkarteko presidenteak egin dauena: Aitzindarien lana autortu dau eta Azokea eten barik barritzeko gogoa daukala dino, idea barriei lekua egitea dalakoan aurrera egiteko modurik onena.
1.- 50 urte bete ditu Durangoko Azokeak. Urteurreneko edizinoa antolatzea zer da zuentzat, erantzunkizuna ala ilusinoa?
Ilusinoa duda barik, ze nik uste dot 50 urte ez dala edozer, ez persona baten bizitzan ez erakunde batentzat. Baina erantzunkizuna be handia da, azken baten transmitidu behar dogulako zer izan garen 50 urteotan. Aurrera begiratu behar da, ganera, mezu freskoa bota behar dozu. Erantzunkizuna bada, lan asko euki dogu, baina ilusino handia be bai.
2.- Aurtengo leloa 'Da!' da. Zer esan nahi izan dozue horregaz?
Izenak adierazoten dau azokeak berak urteotan izan dituan aldaketak. Liburu eta Disko Azokatik, Durangoko Azokara. Durango eta Azoka berben lehenengo letrak dira D eta A. Eta Durangoko Azokea DA, horixe azpimarratu nahi dogu. Zabaldu nahi doguna da, liburu eta disko azokaz gan, plaza osoagoa be badala gurea. Gaurkotze lan askoren artean eta hausnarketa askoren ostean, erabagi dogu hori izan leitekela marka egokia Durangoko Azokarako.
3.- Aurten igaz baino egun bat gehiago egongo da. Non indartu da azokea?
Azokea, bere osotasunean, hazi egin da. 250 ekitaldi daukaguz, igarriko da egun bat gehiago dala. Ganera, ekintza berezi batzuk egin nahi doguz 50. edizinoa gogoratzeko. Horreetariko bat izango da inaugurazino ekitaldia. Aurten San Agustin Kultur Gunean izango da, leku bikain baten. Azoka barruan, Landakon, ez dago lekurik. Bestetik, Argizaiola saria emoteko ekitaldia be aitatzekoa da. Aurten Argizaiola etxean geratuko da, gure aurretik Gerediagaren hasieran egon ziranek gure esker ona jasoko dabe, Argizaiola sariagaz [Jose Luis Lizundia, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda, Maria Concepcion Astola, Rosario Astola, Arrate Salazar, Koldo Alzibar eta Jesus Astigarraga izango dira omenduak].
Ganera, gure produktu nagusia, aurten, Durangoko Azokearen historia bera izango da, liburu baten batuta. Ez da lan makala izan, hiru egile, bat argazkilaria, ibili dira. Joseba Sarrionandia eta Jesus Mari Arruabarrena idazleak tartean egon dira, Txelu Angoitia argazkilariagaz. Bakotxak besteen zatiak osotuten ditu. Oso harro gagoz liburuagaz.
Amaitzeko, azken egunean, ekitaldi berezia izango dogu Landako gunean, Deabru Beltzak izango dira geugaz eta beste gune batzuetan be ekintza bereziak egongo dira. Nik uste dot programa osoa dala, gustu guztietako bisitarientzakoa. Espero dogu bakotxak bere ibilbidea egitea Azokearen barruan. Azokea prest dago edozeinen beharrei erantzuteko, familia osoak, lagunarteak, edozein edadetakoak.
4.- 50 urte atzera egin dozuez, Argizaiola Sariaren bidez Azokearen sortzaileak omentzeko. Zer zor deutsegu aitzindarioi?
Asko, asko. Nik sarritan esaten dodan gauza bat da, imajinau egin behar dogula sasoi ha, Francoren denporetan, azokea asmetea. Ha bai izan zala injinerutza lana, asmetea zelan lortu baimena azoka hori aurrera atarateko, azoka apal eta txiki bat aurrera atarateko. Eta Gerediaga alkartea legeztatzeko, ze lan egin eben hareek! Persona argiak eta ausartak ziran. Indar handiko jentea izan zan, orain arazotxu bat sortzen danean, esaten dogu isildu gaitezan, ze zer izango zan hasierako lana honen aldean. Azokearen sortzaileak eta hasierako urte gogorretan azokan ibili ziran guztiak gogoan izan nahi doguz, hasierea bakarrik ez, hurrengo urte piloa be latzak izan ziralako. Ganera, aitatu nahi neuke Gerediaga zortzi personak sortu ebela, eta hareen artean danetarikoak egozala. Persona oso desbardinak alkartu ziran, Gerediagaren izenaren azpian. Txalotzeko moduko ekimena izan zan.
5.- 50 urteko ibilbidean, gorabaherak egon dira. Zeintzuk izan dira azokearen oztopo nagusiak?
Ba beti esaten da oztopo handienetakoa espazioa dala. Gaur egun be badagoz gorabeherak leku aproposa topetako. Landako txiki geratu ete dan be badinoe batzuek. Bestetik, beste zeregin bat izan da, beharrizan barriei egokitzea, hori be inportantea da. Ondo badoa eredua, zergaitik aldatu? Enpresa batek torlojuak ondo egiten baditu, zertarako aldatu? Hori pentsau geinke, baina hor be ausartak izan gara gure neurrian: Begiak eta belarriak adi-adi zabaldu eta belaunaldi barriek disfrutetako moduko azokea bilatu dogu. Diskoetan eta liburuetan zentrauta, baina kulturearen formatu desbardinak ekarri nahi izan doguz, hori be pausu inportantea izan dala uste dot. Baita Durangoko herrira zabaltzea be, Landakotik urten eta gure inguruko baztar ugaritara zabaltzea. Durangarrak harro dagoz azokea jasoteaz.
6.- Gerediaga alkarteak ekintza asko antolatzen ditu urtean zehar, baina Durangoko Azokeak erakarten dau arretarik gehien. Uste dozu Gerediagaren beste zereginak ezkutuan gertzen dirala Azokearen itzalean?
Bai, seguruenik bai. Egia da Durangaldean, hur gagozanontzat, ezaguna dala Gerediaga. Uste dot eskualdeko jenteak ezagutzen dauela gure programazinoa. Baina, duda barik, ez daukagu Azokearen dimensinoko beste ekintzarik. Horrek gure langileen lanordu asko hartzen ditu, baina beste gauza asko egiten doguz, Durangaldeko ondareagaz lotuta eta batez be Durangaldeko izakera eta historia hori apurka-apurka zabaltzeko. Ondare materiala bakarrik ez, inmateriala jagoteko ardurea be hartu dogu, gure folklorea, ohiturak eta abar. Ardi-txakurren txapelketea, Dantzari Dantza, ekitaldi asko antolatzen doguz. Horretaz guztiaz oso harro gagoz, baina azokeak baino zabalkunde gitxiago dauka, hori da gertatzen dana.
7.- Askotan aitatzen da Durangoko Azokea masifikauta dagoala, beste urte sasoi batzuetan euskal kulturea makal dagoan bitartean. Zer egin leiteke 'Durango efektua' urte sasoi eta leku guztietara zabaltzeko?
Hor sartuko ginake Gerediagatik kanpora geratzen diran ardura batzuetan, beste erakunde, alkarte eta eragileek be zeresana daukie. Horreekaz, eta sortzaileakaz be bai, plan edo politika bereziak martxan jarri behar litzatekez. Guk, alkarte modura, egia da egiten doguna Durangoko Azokara oso mugatuta dagoala eta ez dakit indarrik daukagun gehiago egiteko. Ganera, aitatutako arazo hori danean gertatzen da, esaterako sukaldean: Ordu asko pasetan dozuz lapiko artean jaki onak preparetako eta gero minutu baten jan dozu dana. Guk be lan asko egin behar dogu urte osoan, gero egun gitxitan erakusteko. Askotan aitatu izan da Durangoko Azokea ez ete dan ilusino faltsu bat, edo oasia basamortuan. Hori, dana dala, uste dot sortzaileei eta industria kulturalari galdetu behar jakola guri baino, baina geuk be badaukagu zeresana. Sasoi baten udabarrian beste azoka bat antolatu eban Gerediagak eta ez zan horren ondo joan, hori be esan behar da.
Gure herriko sortzaileei gehiago lagundu behar jakela badakit, sortzaile bikainak dagozalako hemen. Nik arlo personalean hurretik bizi dot hori, neba bat sektore horretan dagoalako, eta badakit zenbat kostetan dan emonaldi bat lortzea adibidez. Baina, momentu honetan, Gerediaga ez dot ikusten gauza danik urtean zehar gehiago egiteko, gaur egun behintzat, etorkizunean ez dakit.
8.- Oraintsu, Liburu eta Disko Azoka izatetik, euskal kulturaren plazea izateko pausua egin zenduen. Prozesu horretarako gogoeta sakona egin zenduen, ezta?
Bai. Argi daukagu barriztau egin behar dogula, pausu bakotxa ondo hausnartuta, ondo neurtuta. Ez ginan geratu etxe barruan gauzak pentsetan, eta hori positiboa izan zan. Auzokoei eta persona desbardin askogaz berba egin ostean ondorio garrantzitsu batzuetara heldu ginan. Bide horretan segiduten dogu. Azokea bizirik egongo da, aldatzeko gauza dan bitartean. Baina pausuak astiro eta ondo pentsautakoak izango dira.
9.- Zuri zeuri, ze satisfakzino emoten deutsu Durangoko Azokan antolatzaile ibilteak?
Egia esan, handi-handia. Aurreko baten gogoratzen egon nintzan, zenbat lagun barri egin dodazan Azokeari esker, bertokoak, Durangaldekoak, baita kanpokoak be. Aspaldiko lagunak berreskuratu dodaz ganera. Eta batez be, kultur-sortzaileen mundu hori hurragotik ikusteko aukerea euki dot. Oso aberasgarria izan da alde horretatik.
Gero, familiak Azokea zelan bizi dauen ikusten dot, hori be polita da. Ni Gerediagako eta Azokako arduradun egin nintzanean, semeak 8-9 urte eukiko zituan. Orain 21 daukaz. Berak familian bizi izan dau Azokea, oso modu desbardinean edadean gora egin ahala. Beti ahalegintzen gara familian be Azokea biziten. Urtero, arratsalde baten etxeko guztiok joaten gara Azokea disfrutetan. Oso interesgarria da zelan aldatzen dan ikuspegia, urteek aurrera egin ahala eta familiakook aldatu ahala.
10.- Aurrera begira, hurrengo urteetarako, zein uste dozu dala Durangoko Azokak bete beharko dauen hutsunea?
Batetik, nahiko geunke kulturearen transmisinoa indartzea, orain be egiten dogu, baina gehiago sakondu. Hau da, gure nortasun horren parte aktiboa izatea. Ganera, Azokea zabaldu behar geunke Euskal Herri guztira, biztanle guztiei. Nik badaukadaz lankide asko, Bilboaldekoak-eta, euskeraz ez dakienak. Baina igual euren seme-alabek bai. Gure kultura honetara hurreratzea nahi neuke, gure azoka honetara. Mundu hau hareengana be eroan nahi dogu. Horregaz, asmoa litzateke herritar guztiak gure hizkuntzara hurreratzea, euskereagaz disfrutetea. Amesa da beharbada, baina ilusino hori badaukagu.