Euskerearen Nazinoarteko Eguna dala eta, mundu zabalean eitaldi ugari antolatu ditu Etxepare Institutuak egunotan. Tartean, kontzertuak, tailerrak eta lehiaketak egongo dira, euskerea eta euskal kulturea erdigunean dirala. Mosku, Birmingham, Szeged, Poznan, Guadalajara, Mexiko Uria eta Montevideo aukeratu ditue kultur programok zabaltzeko.
Etxepareko Aizpea Goenagak eta Mari Jose Olaziregik azaldu dabenez, moltso horretako lau urik hartu-emon zuzena daukie Institutuagaz. Zehazki, Errusiako uriburu Mosku, Ingalaterrako Birmingham, Hungariako Szeged eta Poloniako Poznan Etxepareren nazinoarteko irakasleen sareko kide dira. Bertako unibersidadeetan euskerea eta euskal kultura ikasgaiak dagoz.
Horreetan lau urietan, kontzertuak, lehiaketak, tailerrak eta zinema-proiekzinoak antolatu ditu egunotan Etxeparek, Euskerearen Nazinoarteko Eguna dala eta. Beste alde batetik, Mexikoko uriburuan eta herrialde haretako Guadalajara urian, euskal literaturea ezagutzera emoteko saioak eratu ditu Institutuak. Arantxa Urretabizkaia idazlea bertan dago dagoeneko.
Amaitzeko, Uruguaiko uriburuan, Montevideon, Euskal Zinema Erakusketea antolatu dabe Cinemateca Uruguaya erakundeak eta Bilboko Zinebi jaialdiak, Etxeparegaz alkarlanean. Zortzi film labur eta beste horrenbeste luze emongo ditue eta mahai-inguru eta erakusketakaz osotuko dabe programazinoa. Bide batez, Montevideoko Euskal Astean parte hartuko dabe Euskal Herritik joandako ordezkariek.
Atzerrian euskal kulturea ezagutzera emongo dau Etxepare Institutuak, beraz, ekitaldion bidez. Ganera, atzerritik datozan bisitariak be hartuko ditu, euskerea eta euskal kulturea bertatik bertara ezagutu daiezan. Holan, Poloniako kazetari eta editoreak ekarriko ditu Durangoko Azokara Etxeparek. Topaketak egongo dira, Poloniako ordezkariek euskal idazle eta editoreak ezagutu daiezen.
Munduko zazpi uritan eratutako ekitaldi guztien egitaraua, hemen.