Euskal Idazleen Alkarteak argitaratzen dau Hegats. Goitik behera barritu dabe diseinua eta estiloa, aldizkariaren aro barri bati ekiteko asmoz. Orain arte idazleentzat izan bada batez be, aurrerantzean publiko zabalagaz kontaktu handiagoa euki nahi dabe, hau da, Hegats kalera atara. Sasoi barriko lehenengo zenbakia argitaratu dabe dagoeneko.
25 urteko ibilbidea dauka Hegatsek, Euskal Idazleen Alkartearen aldizkariak. Orain arte, baina, alkarteko bazkideen artean baino ez da banatu eta liburutegi batzuetan be egon da irakurgai. Zabalkunde mugatua euki dau, beraz, barruko konsumora zuzendua gehienbat. Hori aldatzeko asmoagaz itxura barritua emon deutsie.
Itxurea eta mamina, biak aldatu deutsiez Hegatsi aro barrirako. Horren ardurea Lander Garro kazetari, argazkilari eta idazleari emon deutso Idazleen Alkarteak. Gauzak kontetako modu erakargarria eta arina bilatu dabe, Jasone Osoro alkarteko presidenteak zehaztu dauenez. Azaletik bertatik igarri leiteke aldaketea. Peru Iparragirre agiri da portadako argazkian, ukabilkadea jasoten. Aldizkari freskoa eta irreberentea dala adierazoten dau horrek.
Aro barriko lehenengo zenbakia kalean dago. Orain arte, batez be idazleen testuak batu izan ditu Hegatsek, baina aurrerantzean askotariko edukinak hartuko ditu, beti literatureagaz lotutakoak. Alkarrizketak, erreportajeak, kronikak, argazkiak eta abar dagoz lehenengo zenbakian.
Euskal literaturea kalera atarateko beharrak bultzatu dau Idazleen Alkartea Hegats barritzera. Etorkizunari begiratu nahi deutsiela adierazo dau Osorok. Orain arteko moduan, alkarteko bazkideek doban jasoko dabe aldizkaria eta harpidedunen sistemeari eutsiko deutsie. Bestetik, baina, salgai be egongo da Hegats, 5 euroan ale bakotxa. Urtero ale bat ataratea da asmoa.