EHUk Koldo Mitxelena omentzeko jardunaldiak antolatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 1a, 00:00

Bilbon eta Gasteizen izango dira jardunaldiak, abenduaren 2, 3 eta 4an, Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta euskaltzainari gorazarre egiteko asmoz. Haren ikasle izandako batzuek parte hartuko dabe berbaldi eta aurkezpenez betetako egitarauan. Ganera, Mitxelenari eskainitako webgunea aurkeztuko dau EHUk.

Ehun urte bete dira Koldo Mitxelena jaio zala. Mendeurrena aprobetxauta, omenaldia egin nahi deutsie euskalgintzan eta filologian egindako ekarpenagaitik. Gaur eguneko egoerea be aztertuko dabe. Bilbon hasiko dira jardunaldiak, abenduaren 2an, eta Gasteizen segiduko dabe, 3an eta 4an.

Bizkaia Aretoan, Koldo Mitxelenari, esker onaren agiri ekitaldiagaz hasiko dira jardunaldiak eguazten arratsaldean. Pello Salaburu, Antton Valverde eta Amilotx jantza taldea, Carmen Codoñer, Pedro Miguel Etxenike, Goio Monreal, Ibon Sarasola eta Iñaki Goirizelaia egongo dira, berbaldiak eta sormen-lanak tartekatuaz.

Gasteizen be, eguen eta barikuan, berbaldi ugari egongo dira, jardunaldi akademikoen barruan: Lourdes Oñederra, Gidor Bilbao, Joseba Lakarra, Blanca Urgell, Iñaki Camino, Miren Azkarate eta abar. Mitxelenak zabaldutako bidetik egin dituen azterlanak eta sortu dituen teoriak azalduko ditue adituok.

Koldo Mitxelenari eskainitako webgunea aurkeztuko dabe Gasteizen (ehu.eus/koldomitxelena izango da helbidea, oraindik ez dago erabilgarri). Webgunea hiru zatitan banatuta egongo da: Lehenengoan, Mitxelenaren bizitzako gorabaherak eta egindako lana azalduko dira. Bigarrenean, Mitxelenaren Obras completas laneko 15 liburukien aurkibideak ikusi ahal izango dira. Hirugarren atalean, Mitxelenaren lanetan bilaketak egiteko bilatzailea egongo da, berben edo kontzeptuen araberako azterlanak egiteko.

Osorik irakurri