Patxo Telleria eta Mikel Martinez omendu ditu Bilbok

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 2a, 00:00

Bilboko Udalak Patxo Telleria eta Mikel Martinez artistak omendu ditu, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harira antolaturiko ekitaldien artean; Juan Mari Aburto alkatea izan zan buru udaletxean egindako ekitaldian.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri erakundeek euskaldun barriak omendu nahi ditue aurtengo Euskerearen Egunean, eta, esangura horretan, Patxo Telleria aktore eta zuzendariari eta Mikel Martinez aktoreari aitamen berezia egin nahi izan deutso Bilboko Udalak, antzerki bikote honek urte asko daroazalako eszenatokietan euskerea sustatzen.

Kontuak kontu, Bilboko Udalak bat egin dau Euskerearen Nazinoarteko Eguneko ospakizunakaz, eta eskerrik beroenak emon nahi deutsez euskaldun barri guztiei, euskerea ez bakarrik Bilboko kaleetan, Euskadiko herri zein uriburu guztietan entzun eta bizirik mantentzeko hartutako konpromisoagaitik baino. Ekitaldian gogorarazo ebenez, Ez dok Hiru antzerki konpainiaren bitartez, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek hainbat lan sortu, produzidu eta gauzatu ditue, besteak beste, Kontenedore baten Istorioak, Poema múltiple con avestruz, Euskara Sencilloaren Manifiestoa, Larru Haizetara, Euskarazetamol edo Lingua Nabajorum, guztiak euskerea oinarri izanda eta protagonistak euskaldun barriak izanik.

Eskerrak Udalari geugaz akordateagaitik, esan eban Patxo Telleriak Udaletxeko Arabiar Aretoan jarritako pantaila batetik, izan be, Telleriak ezin izan eban ekitaldian parte hartu Donostian Igelak pelikulea filmetan dagoalako egunotan.

Euskerea ikasi ez eze euskerea zabaltzen dabe euskaldunbarriek, eta hori egin eben orain urte asko Mikel eta Patxok. Ikasle eta militante izan ginan eta bidea egiten jarraitu genduan, adierazo eban Mikelek. Bide horretan antzerkian hasi ziran, eta gustau egin jakun istorioak kontetea, gauza politak kontetea, euskaldunak harro sentiduteko euskaldun izateaz.

Osorik irakurri