Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, José María Gorordok lagunduta, 1807an, Bizkaiko Jaurerriak aginduta, Fray Domingo de Lerin y Clavijok idatzi zituan eta bitxia bada be beste artxibategi batzuetatik desagertu egin ziran eskuizkribuei buruz Bilboko alkate izandakoak egin dauen argitalpena aurkeztu dabe Bilbon. Bertan, Arabako Bolibarren eta Donemiliagan hainbat urte euskal foruak aztertzen emon zituan fraileak, XIX. mendean euskal foruak indar barik ixteko oinarri intelektual sendoena izan zan eta Juan Antonio Llorentek idatzi eban Noticias Históricas de las Tres Provincias Vazcongadas lanaren liburukietan esaten danari kontra egiten deutso.
Lerinen ohar kritikoak Jose Maria Gorordok topau zituan –Llorenteren beste lan batzuk bilatzen egoala, hain zuzen be– eta garai haretan Batzar Nagusietako presidentea zan Ana Madariagari emon eutsan topautakoaren barri, eta Bizkaiko Batzarretako arduradunak Errioxako monasterioagaz hartu-emonetan jarri zituan, lan horreek argitaratzeko modua aztertzeko. Gorordo izan da argitalpen horren koordinatzailea. Bertan, egilearen berbetan, banan-banan egiten jake kontra Llorentek idatzitako liburuki guztiei. Laburbatuz, aita Lerinek hiru Lurralde Historikoen eskubideakaz jarraitzearen alde egiten dau lan, foruen kontrako burrukalari nabarmena izan zan Juan Antonio Llorenteren lanaren kontra agertuz.
Ana Otaduik joan dan astean emon eutsazan liburu horren lehenengo aleak Donemiliagako monasterioko (Errioxa) fraile prioreari, aita Pedro Merinori, eta beragaz batera, Domingo Lerinen papelak eta komentuan konserbetan diran beste ondare altxor batzuk ikusi ahal izan zituan. Gaur, Jose Maria Gorordo ikerlanaren egileak eta Mitxel Unzueta interesik bako laguntzaile eta Euskalerriaren Adiskideen Alkartea erakundearen Bizkaiko Batzordeko presidente izandakoak lagunduta, Lerinen testuen agerpena ezusteko atsegina eta Bizkaiko Batzarretako presidente danetik bizi izan dauen esperientzia parebakoa dala azaldu dau.
Errioxan dagoan komentuko aita Merinori eta aita Olarteri esker bako laguntzinoagaitik, José Mari Gorordori aktibismoagaitik eta zorroztasunagaitik eta bere aurretik Batzarretako presidente izan zan Ana Madariagari kulturearen aurrean erakutsi eban sensibilidadeagaitik eskerrak emon ostean, Batzar Nagusietako berbaldi aretoa beteten eban jente askoren aurrean aurkeztutako argitalpenak hutsune historiografikoa zarratu eta XIX. mendean foru araubidea indarbakotu ebenen tesiei aurre egiten deutsela adierazo dau Otaduik.
Argitalpen horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Otaduiren berbetan, gure Eskubide Historikoen kontzeptu zabala indartzen dabe, subiranotasuna eukien errealidade biren arteko hitzarmenean oinarrituta, hain zuzen be.
Gaur egun, XIX. mendearen hasieran planteau ziran Fray Domingo de Lerinen tesiek balioa izaten jarraitzen dabe, 1876an indar barik itxi zan Foru araubidearen azken aztarnea izanik, Kontzertu Ekonomikoa Euskaditik kanpo zalantzan jarten dagozan honetan, baina baita be foru nazino kontzeptuak bide barriak zabaldu leikezanean, alde bikotasunetik, 1978ko Konstituzinoan eta Autonomia Estatutuan autortuta dagozan eskubide historikoak eguneratzeko.