Euskerazko irakaskuntzan aitzindari izan ziran gurasoek jaso dabe Lauaxeta Saria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 2a, 00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak urtero emoten ditu Lauaxeta Sariak, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bueltan. Aurten, Ohorezko Saria Bizkaian irakaskuntzan euskerea sartzeko apustua egin eben gurasoek jaso dabe. Danen izenean, Joseba Arrieta Txertudi, Josu Meabe Mintegi, Sabin Zubiri zana eta Josune Zearra zana izentau ditue saridun. Poesia arloan, Jon Gerediagak eta Beatriz Chivitek irabazi dabe Lauaxeta Saria eta ikus-entzunezkoen atalean, Joseba Gorordok.

Aurten, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, euskaldun barriak eta euskeraz etxetik jakin barik hizkuntzea bultzatu dabenak omendu nahi ditue. Horregaz lotuta, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta sariaren bidez gorazarre egin nahi izan deutse euskerazko irakaskuntzearen aldeko apustua egin eben gurasoei. Danak ez ziran euskaldunak, baina seme-alabentzako euskerazko etorkizuna eregi eben.

Guztien izenean, Joseba Arrietak eta Josu Meabek jaso dabe saria, Bilbon, Bizkaiko Foru Jauregian egindako ekitaldian. Jaurlaritzako, Foru Aldundiko eta udaletako ordezkarien aurrean jaso dabe omenaldia. Ganera, Sabin Zubiri eta Josune Zearra senar-emazteei hil ondorengo saria emon deutsie, hareek be aitzindari izan ziralako. Sasoi haretako zailtasunei aurre eginaz, euskerea transmitiduteko ahalegina egin eban jentea omendu nahi dogu, azpimarratu dau Lorea Bilbao Bizkaiko kultura diputaduak.

Ohorezko Sariak arretarik handiena erakarri dauen arren, poesia eta ikus-entzunezkoen arloetako Lauaxeta Sariak be emon ditue, ohiko legez. Olerkigintzan, 35 urtetik gorakoen sailean, Jon Gerediaga izan da aurten saritua, Argia, lurra, zuhaitza eta zerua lanagaitik. Obra horretan, Gerediaga heldutasunera heldu dala eta irakurleari uriaren begirada zehatza eskaintzen deutsala nabarmendu dau epaimahaiak.

Gazteen atalean, aldiz, Beatriz Chivite Ezkietak irabazi dau Lauaxeta Saria, Metro lanagaitik. Londreseko metroa oinarri hartuta, hainbat personaren bizitzea mosaiko eran erakusten dau Chivitek, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez.

Amaitzeko, Ikus-entzunezkoen Lauaxeta Saria emon deutsie Joseba Gorordori. Sabino Aranaren begiak izeneko dokumentala egin dau berak. Lan horretan narrazinoa eta dibulgazinoa ederto tartekatzen dituala nabarmendu dau epaimahaiak, Aranaren bizitzako pasarte ezezagunak erakusteko.

Osorik irakurri