Neguan inork ezin izan dau Nanga Parbateko tontorrera (8.125 m) heldu, baina Alex Txikon eta bere lantaldea sekula baino hurrago geratu ziran igaz. Orduko esperientziatik ikasi eta Pakistanera bueltauko da mendizale lemoarra abendu amaieran. Ali Sadpara, Daniele Nardi eta Janusz Golab izango ditu sokakide oraingoan. Aurretik, Argentinara doaz, girotze-lana egiten.
Espedizino gogorra izan zan igazkoa, Nanga Parbaten neguan egoten dan eguraldia ikaragarria izaten dalako. Halandabe, Alex Txikon, Daniele Nardi eta Ali Sadpara tontorraren inguruetara heldu ziran eta azkenengo momentuko huts baten erruz ez eben gorengo puntua topau. Aurten barriro bueltauko zirala agindu eben eta holan egingo dabe hirurek, Golab poloniarragaz batera.
Bihar, eguena, hasiko da biajearen lehenengo zatia. Argentina aldeko mendietan ibiliko dira aklimatazinoa egiten, abenduaren 19ra arte. Igaz ikasitakoari esker erabagi dabe girotzeko Hego Amerikara joatea. Neguan Himalayan oso ahalegin handia egin behar da aklimatazinorako, ez da baldintza aproposik egoten, azaldu dau Txikonek. Argentinan, ostera, udea da orain eta altuerara egokitzeko lana lasai egin ahal izango dabe.
Andeetako mendietan ibiliko dira ibilbide errazak egiten, altuerara ohitu arte. Tartean, Ojos del Salado erraldoia (6.893 m) igoteko asmoa daukie, munduko sumendirik garaiena.
Argentinatik bueltau eta berehala urtengo dabe Pakistanera, aklimatazino fasean lortutakoa ez galtzeko. Abenduaren 22an urten eta 24an Islamabad uriburuan kide guztiak batzeko asmoa daukie. Urtezaharrerako Behe Kanpalekuan egotea da asmoa.
Igazko beste ikasgai bati segiduta, Behe Kanpalekua gorago ipiniko dabe. Aurreko espedizinoan 4.100 metroan ipini eben kanpaleku hori eta neguan, edurragaz, Lehen Kanpalekurako bidea luzeegia zala ikusi eben. Diamir isurialdetik igongo dabe Nanga Parbat, igazko bidea erabilita. 7.850 metroan geratu ginan, lan txukuna egin genduan igaz, nabarmendu dau Txikonek.
Helburua lortzeko asmoz, goi mailako lantaldea batu dau Txikonek. Ali Sadpara eta Daniele Nardi igaz be egon ziran Txikonegaz Himalayan. Nardi, ganera, laugarrenez ahaleginduko da Nanga Parbatera neguan heltzen. Janusz Golab eskarmentu handiko mendizale poloniarra batu jake oraingoan. Ferran Latorre kataluniarra be joatekoa izan da, baina azken orduko kontuen erruz ezin izango dau parte hartu.
Ahal bada, tontorrera heltzea da helburua, eta ezin bada, behintzat disfrutau eta geure onena emon nahi dogu, dino Txikonek. Erantzunkizunez jokatzeko asmoa be badaukie eta, holan, sortzen dituen hondakin guztiak batu eta behera eroateko konpromisoa hartu dabe. Indarra badaukagu, sokak eta materiala bueltan ekarriko doguz, berrerabilteko, eta lohiak geugaz bajatuko doguz.
Nanga Parbateko tontorrera heldu ezkero, Alex Txikon eta kideek orain arte lortu bako igoerea egingo leukie, mendi horretara neguan inor ez dalako heldu. Lorpen horretan lehenengoak izateko, baina, lehia izango dabe: Beste hiru espedizinok daukie Pamir hormatik igoteko asmoa datozen asteetan, eta Rupal isurialdetik igoteko asmoz beste talde bat dago dagoeneko Pakistanen.
Halandabe, gogotsu doa Alex Txikon Himalaiara. Igaz asko inprobisau genduan eta aurten dana lotuago daroagu. Aklimatazinorako, Behe Kanpalekua ipinteko eta abar, igazko esperientziatik ikasi dabe. Erronka gogorra izango da, edozelan be. Himalaiako ipar-mendebaldean dago Nanga Parbat, Pakistanen, eta neguan eguraldi zantarra ia etenbakoa da. Ahalegin asko egin diran arren, K2 eta Nanga Parbat dira neguan inork igon ez dituan zortzimilako bakarrak.